Espainiako Hirugarren Mailarako igoera lortuta agurtu zenuten azken denboraldia. Euforia pasatuta, nola itzuli da taldea lanera?
Pasa den denboraldia sekulakoa izan zen guretzat, oso motibatuta amaitu genuen. Azken bi urteetan sailkapenaren goialdean genbiltzan, eta duela bi denboraldi Hirugarren Mailara igotzeko urrats batera gelditu ginen. Erronka horrekin heldu genion azken denboraldiari, eta egindako lanak emaitza politak eman zituen, baita desira genuen mailara igotzeko txartela ere. Kontziente gara aurten egoera guztiz ezberdina izango dela, eta kategoria batetik bestera dagoen salto hori sumatu egingo dugula. Hala eta guztiz ere, taldea ilusionatuta eta motibatuta ikusten dut, gogotsu. Jende gaztea gara, eta gehienok zarauztarrak; horrek jarraitzeko indarra ere ematen du, etxeko talde bat izaten jarraitzen baitugu.
Arrazoi ezberdinak tarteko, taldea uztea erabaki dute zenbait jokalarik, eta harrobiko jokalari batzuek gorako jauzia egingo dute. Klubak etxeko jokalariengan duen konfiantza erakusten al du horrek?
Hasieratik zegoen asmoa etxekoekin jokatzeko, eta hori gauza positiboa da taldean urteak daramatzaten jokalarientzat. Izan ere, beste urte batzuetan gertatu da mailaz igo eta klubak kanpoko jendea ekartzea. Horrek zarauztarrak beste taldeetara joatera behartu izan ditu, eta gelditzen zirenentzako kolpea zen. Zarauzko jendearekin jokatu nahi dugu, eta halaxe egingo dugu beheko zein goiko mailan; azken finean, beraiek dira igoera lortu zutenak.
Etapa berriari ekiteko lantalde teknikoa, berriz, iazko bera izango da.
Jokalarien babes eta konfiantza osoa dute lantalde teknikoaren parte diren kide guztiek, eta beraiek esaten dutenarekin egingo dugu aurrera.
Zenbait lagunarteko jokatu dituzue azken asteotan: Erregionalen Ohorezko Mailako taldeen aurka nagusitasunez irabazi duzue, baina Hirugarren Mailan aurkari izango dituzuenen aurrean porrot egin duzue. Errealitate kolpe bat izan al dira emaitza horiek?
Lehenengo lagunartekoa Hirugarren Mailan aurkari izango dugun Durangoko taldearen aurka jokatu genuen, eta 0-2 galdu bagenuen ere, taldea ondo ibili zen. Egia da askoz ere erosoago ibili garela maila bat beherago dauden taldeen aurkako neurketetan eta erritmoa guk markatu dugula. Denboraldiaurreko azken partida Lagun Onak taldearen aurka izan zen, eta partida hori bai erabili dugu nola gauden ikusteko. Mendean hartu gintuen Azpeitiko taldeak, eta badakigu maila horretan dauden taldeak gu baino puntu bat gorago daudela; halere, egindako lanarekin gustura geratu ginen. Pasa den asteburuan lehiatu genuen bezala lehiatuta badaukagu puntuak eskuratzeko aukera, eta partidak irabaztea zaila izango dela jakin arren, saiatuko gara puntuak biltzen.
Garaipenez betetako denboraldia osatu zenuten iaz, eta zaleen babes osoa izan zenuten. Aurten, agian, iaz baino animo gehiago beharko dituzue aurrera egiteko.
Azken urteetan jende asko etorri da gu animatzera. Baliteke hori lotuta egotea azken bi denboraldietan lortu ditugun emaitzei, baina publikoa gurekin zegoela sentitu dugu, eta asko lagundu digu horrek zelaira irtetean. Duela urte batzuk harmailetan ez zenituen hamar pertsona baino gehiago kontatzen, eta orain aulki gehienak beteta ikustea oso pozgarria da. Mailari eustea izango da aurtengo helburu nagusia, eta horretarako alboan beharko ditugu zale guztiak. Beraien animoak oso garrantzitsuak izango dira.
Etxeko partidak irabaztea izango al da gakoetako bat maila mantentzeko?
Oso zaila izango da partidak irabaztea, baina neurketa bakoitzean punturen bat eskuratzen saiatu beharko dugu. Horretarako, etxeko partidetan borrokatzea garrantzitsua izango da. Azken urteetan indartsu ibili gara Astin, partida oso gutxi galdu ditugu bertan; hala eta guztiz ere, ez dakigu aurten Astiko futbol zelaia gure mesederako izango den ala hobeto ibiliko ginatekeen zelai txikiago batean. Izan ere, imajinatzen dugu Hirugarren Mailan urte gehiago daramatzaten taldeak eroso ibiliko direla zelai handietan.
Entrenamenduei dagokienez, zerbait aldatu al duzue?
Entrenamenduetako dinamikak azken urteetako bera izaten jarraitzen du. Printzipioz, astean hiru aldiz entrenatzen jarraitzeko asmoa dugu, nahiz eta badakigun gure mailako talde gehienek saio bat gehiago egiten dutela. Gure kasuan, jokalariak partidetara molestiarik gabe heltzea nahi dugu, eta ez oso nekatuta; horregatik erabaki dugu astean hirutan elkartzen jarraitzea.
Kapitaina zaren aldetik, erantzukizun handiagoa sentitzen al duzu aurten?
Guztiok osatzen dugu taldea, eta ni kapitaina izan arren, egiten dugunaren ardura denona da. Oso giro ona daukagu taldean, eta horrek ere asko laguntzen dit niri taldea zuzentzeko orduan.
Asteburu honetan jokatuko duzue ligako lehen partida, Aretxabaletaren aurka, Astin. Zer-nolako giroa sumatzen da taldekideen artean?
Liga hasteko gogoz eta ilusioz daude guztiak, hilabeteko denboraldiaurrea luze egiten baita. Behin baino gehiagotan sufritzea tokatuko zaigu aurten, baina, era berean, disfrutatzeko denboraldia izan dadin nahi dut. Maila berria da guztiontzat, eta ziur nago asko ikasiko dugula. Orain hasten da politena, zalantzarik gabe.