'Leoren bila' erakusketa zabaldu berri dute Photomuseumen

Aritz Mutiozabal 2025ko ira. 2a, 15:30

'Leoren bila' erakusketako irudietako bat. (Leopoldo Savignac-Ines Rae)

Leopoldo Savignac argazkilariaren ibilbidea errepasatzen duen mostra da, haren biloba Inés Raeren ekimenez ondua. Urriaren 12a bitartean bisitatu ahal izango da.

Leopoldo Savignac Battistini (Guiria, Venezuela, 1880- Madril, 1948) argazkilariaren bizitzari eta lanari buruz egindako ikerketaren emaitza da Leoren bila erakusketa, Photomuseumek aldi baterako ireki berri duena. Inés Rae argazkilari eta Plymoutheko Unibertsitateko (Erresuma Batua) irakasleak garatu duen mostra honek hainbat artxibo publiko eta pribatutako jatorrizko lanak eta erreprodukzioak biltzen ditu, baita garaiko artikuluak ere bere irudiekin, Savignacen maisutasun teknikoa eta konposizioan zuen sentsibilitatea nabarmentzeko asmoz.

Nolabait ere, argazkilariaren ibilbidea berreskuratzen duen erakusketa da Photomuseumek jaso duena, eta oinarrian badu istorio bitxi bat. Inés Raeri 2011n piztu zitzaion Savignacekiko interesa: ama hil ondoren, aitona zuela argitzen zuten argazkiak eta gutunak aurkitu zituen. Interes horri tiraka, bere familia jatorriari buruz ikertzeari ekin zion eta aitonaren ibilbide artistikoa aztertzen dihardu harrezkero, liburutegi, artxibo eta bildumetan arakatuz, haren argazki-ondarea eta bizi-ondarea berreraikitzeko.

Hainbat ataletan

Leoren bila erakusketak hainbat sail biltzen ditu. Lehenengoan, Savignacen argazkiak edo artikuluak argitaratu ziren aldizkari grafikoen aukeraketa bat dago: Euskalerriaren alde, Novedades, Lux eta Photograms of the Year hedabideekin kolaboratu zuen, eta horietako batzuk daude ikusgai. 

Jarraian, hainbat artxibotako lan originalak nahiz erreprodukzioak daude, eta horien artean, askotariko irudiak. Alde batetik, afizionatu gisa piktoralisten lehiaketetan saritutako lehen irudiak daude; besteak beste, 1909an, El Pueblo Vasco egunkariak eta Novedades aldizkariak Donostian antolatutako argazki lehiaketako lehen saria irabazi zuen, eta 1912an, Zarauzko Euskal Jaietan antolatutako argazki lehiaketa irabazi. Bestetik, argazki-estudio profesionalak izan zituen 1930eko eta 1940ko hamarkadetan Zaragozan eta Madrilen, eta sasoi hartan egindako erretratu ere jaso dituzte: norbanakoenak, familiak, ezkontzak, bankukoko langileak, soldaduak eta abar.

Hirugarren atalak, azkenik, aitonaren eta bilobaren arteko elkarrekintza planteatzen du, fikziozko birsortzeekin, nolabait esateko. Raek belaunaldien arteko elkarrizketa sortzen du aitonaren ondarearekin: Savignacek duela mende bat fotografiatutako tokiak berriz bisitatu eta irudikatu ditu bilobak. Gisa horretan,  denboraren joanari eta ingurune fisikoan nahiz garai desberdinetan erabilitako argazki-teknologietan izandako aldaketei buruzko gogoeta proposatu nahi izan du. Laburbilduz, argazkiak eta memoria berreskuratzeko ariketa izan dela azpimarratu du.

Erakusketa urriaren 12a bitartean izango da ikusgai, ondorengo ordutegian: asteartetik igandera 10.00etatik 14:00etara eta 17:00etara 20:00etara.

Iturri ondoko neskatxa

Eraikin artistiko eta historikoen kategorian irabazi zuen lehen saria 1912an, Zarauzko Euskal Jaietako argazki lehiaketan. Guztira, bederatzi argazki aurkeztu zituen Amairu izenburupean eta Euskalerriaren alde aldizkariak La torre y el Altar mayor de la parroquia eta Retrato de una joven al lado de una fuente argitaratu zituen. Donostiako Arte eta Lanbide Eskolako zuzendari Rogelio Gordón, Willy Koch argazkilariak eta Juan Bautista Larreta argazkizaleak osatu zuten epaimahaia, eta Savignacen lanen kalitatea goratu zuten, balio handikotzat joz. Bitxikeria gisa, Retrato de una joven al lado de una fuente argazkia En la fuente izenburupean argitaratu zuten Novedades aldizkariaren 339 zenbakiko azal nagusian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide