Jone Arriaran eta German Aranburu garaile, Euskal Asteko Binakako Dantza Txapelketan

Aritz Mutiozabal 2025ko ira. 2a, 10:50

Puntu bateko aldearekin irabazi zieten Maren Galvez lezotarrari eta Gorka Granado sopeloztarrari. Hirugarren postua eta, era berean, jantzi onenaren saria Ane Jaunarena eta Endika Osa lezotarrentzat izan zen. 

Lege Zaharren Enparantza lepo bete zen atzo arratsaldean, Helduen Binakako Dantza Txapelketaz gozatzeko. Eta nola gozatu ere. Erakustaldi ederra eman zuten plazako agertorkira igo ziren bederatzi bikoteek, fandangoa eta arin-arina dantzatuz; hasieran hamar parte hartzaile iragarrita bazeuden ere, Julen Murgiondok eta Saioa Galarragak ez ziren aritu azken orduko lesio baten erruz.

Txapela Jone Arriaran eta German Aranburu azpeitiarrentzat izan zen, 74 punturekin, baina Maren Galvez lezotarrak eta Gorka Granado sopeloztarrak osatutako bikoa puntu bakar batera geratu ziren sailkapenean, txapelketak izan zuen maila agerian utziz. Txapelaz gain, 200 euro eta trofeoa jaso zuten garaileek, eta saria jaso ostean, berriro igo ziren oholtzara jendaurrean dantzan egitera. Txapeldunordeek, berriz, 180 euroko saria jaso zuten.

Hirugarren postua Ane Jaunarena eta Endika Osa lezotarrek eskuratu zuten, 69 punturekin, baita jantzi onenaren saria ere; 160 euro lortu zituzten eta beste 100 euro sari bereziagatik, alegia. Laugarren saria, azkenik, Bidatz Manterola eta Jon Alkain oriotarrentzat izan zen, 63 punturekin; eta hauek 140 euroko saria jaso zuten.

Gainerakoan, hurrenkera honetan geratu zen sailkapena: Ekain Uzkudun eta Iker Zabala azpeitiarrak bosgarren izan ziren, 62 punturekin; Hegoa Aizpuru eta Izaro Arandia azpeitiarrak seigarren, 60,50 punturekin; Jare Labaka eta June Izagirre azpeitiarrak zazpigarren, 60 punturekin; Leire Urrestilla eta Iker Urrestillazestoarrak zortzigarren, 53 punturekin; eta Iara Sustaeta eta Ane Lazarobaster azpeitiarrak bederatzigarren, 52,5 punturekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide