ZAEk jokatuko dituen kanporaketak ikustera joateko autobusa antolatu dute

Intza Trula 2025ko ira. 1a, 11:00

ZAEko emakumezkoen trainerua, liga irabazi ostean, udaletxean ospatzen. (ZAE)

Bermeon eta Portugaleten jokatuko dituzte Euskotren ligara igotzeko estropadak, hilaren 20an eta 21ean, hurrenez hurren. Kikara tabernan eta Lizardi Laneko Arropa dendan eman daiteke autobuserako izena.

Zaleen babesa sentitu nahi du Zarautz Arraun Elkarteko emakumezkoen traineruak Euskotren ligara igotzeko kanporaketa fasean. ETE liga irabazi ostean, play-off kanporaketa jokatuko dute, eta herritarrek animatzera joan ahal izateko autobusa antolatu du ZAEk.

Bermeon jokatuko dute lehen estropada, hilaren 20an, eta bigarrena Portugaleten izango da, hilaren 21ean. Hala, bi hitzorduetara joateko autobusa egongo da, eta zerbitzua erabili nahi dutenek Kikara tabernan edota Lizardi Laneko Arropa dendan eman dezakete izena.

Izena emateko azken eguna irailaren 17a izango da, eta autobuseko txartelak eguneko 10 euro balioko ditu. Batzoki aurreko autobus geltokitik egingo du irteera autobusak; Bermeora irteera 14:00etan izango da, eta Portugaletera 08:15ean. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide