Aitor Esteban: "Berriketa hutsalak albo batera utzita, proiektuak aurrera ateratzea da EAJren helburua"

Onintza Lete Arrieta 2025ko abu. 30a, 10:50

Urtero bezala, EAJk Zarautzen eman dio hasiera ikasturte politiko berriari. Malekoian egin zuten ekitaldia atzo arratsaldean, eta Nekane Iribar Zarauzko Uri Buru Batzarreko presidente berriak herrikide bat izan zuen gogoan: Miren Etxabe Lau Uxo herriko Uri Buru Batzarreko lehendabiziko emakumea. Ekitaldian izan ziren, besteak beste, Imanol Pradales lehendakaria, Euge Arrizabalaga GBBko presidentea eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia.

Urtero bezala, Zarautzen eman dio hasiera EAJk ikasturte politiko berriari. Atzo arratsaldean malekoian egin zuten ekitaldi jendetsua, eta Zarauzko Uri Buru Batzarreko lehendakari berria izan zen hitza hartzen lehena: Nekane Iribar. Haren ondotik GBBko presidente Euge Arrizabalaga zumaiarra igo zen oholtzara, eta azkenik, Aitor Esteban EBBko presidentea. Horrek mezu bat nabarmendu nahi izan zuen besteen gainetik: "Ziurgabetasunez beteriko panorama batean aurkitzen gara, eta ez daukagu urtean zehar gertatuko dena erakutsiko digun kristalezko bolarik, baina jakin badakigu zeri ekin behar diogun: edukirik ez duten berriketak alde batera utzita eta lan handia eginez, jendeari ziria sartu gabe eta gauzak diren moduan esanda. Ez berriketa hutsik, ezta hitz potolorik ere. Guk proiektuak atera behar ditugu, eta gure autogobernuaren bidez egingo dugu, egunero martxan jartzen dugun tresnaren bidez, gure erakundeetatik".

Ekitaldian askotariko ordezkari jeltzaleak izan ziren, hala nola Euzkadi Buru Batzarreko burukideak, Imanol Pradales lehendakaria eta Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako hainbat kargudun eta erakundeetako ordezkari, tartean Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Bingen Zupiria Segurtasun sailburua. Zarauzko eta eskualdeko ordezkariek ere ez zuten hitzordua galdu nahi izan: Pradalesen ondoan izan zen Xabier Txurruka Zarauzko alkatea, eta besteak beste Zarauzko eta Azkoitiko hainbat zinegotzi ere bertaratu ziren, baita Jon Ander Azpiroz Aiako alkatea ere.

Estebanek EAJren erronketako batzuk aipatu zituen bere hitzartzean: etxebizitza krisia konpontzea, autogobernua errespetatzea eta zabaltzea, euskarari aurrerabidea ematea, Nafarroarekiko harremanak sendotzea eta Iparraldean abertzaleen presentzia areagotzea. Bestalde, jeltzaleen burua oso kritikoa izan zen PP alderdiarekin, eta  azken hilabeteotan eta azken asteotan alderdi horretatik EAJren eta bere kideen kontra  Miguel Telladok eta Javier De Andresek  egindako salaketei gogor erantzun zien: “Irain eta gezurrez beteriko zingira dira, guztiz lokaztuta daude boterera iristeko gaitasunik gabe, gero eta etsai politiko gehiago bilatuz, beren nahasmen horretan guztiz galduta. Iparorratzik gabeko alderdia dira. Euskadik ez du hitz potolorik behar, proiekturik gabe datozenen aldetik. Ez ditu Tellado eta De Andres behar. Beraientzat dena da titularra, EAJrentzat dena da herrigintza", azpimarratu zuen.

EH Bilduz, berriz, esan zuen "programa baino gehiago, irudia bilatzen duen alderdia" dela eta  "definizio eta orokortasunen nahaspilan murgilduta" dabilela. "Ez dira aklaratzen, Bildurena kontakizunaren epika delako eta gurea, berriz, proiektuaren etika. Hor dago aldea. Batzuek ekitaldi sinbolikoak egiten dituzten bitartean, batzuekin eta besteekin argazkiak egiten dituzten bitartean, guk Euskadi altxatzen dugu proiektu errealak abian jarriz. Etorkizuna ezin da eraiki dogma zaharrekin eta iraganeko kontakizunekin, baizik eta unean uneko proposamenekin, alderdi honek eta gure lehendakariak lideratzen duen Jaurlaritzak dituztenak bezalakoak",

Gipuzko Buru Batzarreko presidente Euge Arrizabalagak, berriz, esan zuen “EAJren proiektua Euskal Herriarentzat egina" dela, eta euskal gizartearen "gehiengoaren gogo eta beharrei" erantzuten diela. "Beti gaude besteekin kolaboratzeko prest, baina nahiko zail gertatzen da praktikatzea euskarari eraso egiten diotenekin eta Euskadiren autogobernua ukatzen dutenekin edo joko bikoitza daramatenekin, esku batekin elkarlana eskaintzen dizuten bitartean bullying politikoa aplikatzen baitizute era guztietako pankartak instrumentalizatuz”. EAJren helburu politikoa zein den ere nabarmendu nahi izan zuen: "Euskadi askea eraikitzea emakume eta gizon askeek egina”, eta hori lortzeko "bide gogorrean" aurrera egin beharraz mintzatu zen.

Zarauzko emakume aitzindariei keinua

Arrizabalagaren eta Estebanen aurretik, Nekane Iribar Zarauzko Uri Buru Batzarreko presidente berria izan zen hitza hartzen aurrena atzoko ekitaldi politikoan. Talde berria eta gaztea osatu dutela esan zuen, eta eskerrak eman zizkion jendartean eserita zegoen aurreko presidenteari, Joakin Landari, hark eta haren taldeak egindako lanagatik.

Zarauzko EAJren egoitza eraiki zenetik 120 urte igaro direla esan zuen Iribarrek, eta garai hartako emakume bat gogoratu nahi izan zuen: Miren Etxabe Lau Uxo. Emakume aitzindaria izan zela esan zuen, eta hainbat urtez ahaztua egon zela. Alderdikidea zela, eta Zarauzko Uri Buru Batzarreko lehenengo emakumea izan zela ere azpimarratu zuen Iribarrek.

(Argazkiak: Onintza Lete Arrieta eta EAJ)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide