Irailaren 19tik 27ra ospatuko da aurten Donostiako Zinemaldia, eta antolatzaileek gaur jakinarazi dute zer zinemagilek jasoko duten aurtengo edizioko Zinemira saria:Telmo Esnal zarauztarrarentzat eta Asier Altuna bergararrarentzat izango da aitortza. Ibilbide oparoa dute biek, eta elkarrekin lan asko egindakoak dira; hastapenak ere elkarrekin egin zituztela nabarmendu dute antolatzaileek: "Esnalek eta Altunak elkarrekin hasi zuten ibilbide zinematografikoa, Txotx (1997) eta 40 ezetz (1999) film laburrekin, eta 2005ean elkarrekin zuzendu zuten lehen film luzea, Aupa Etxebeste! (New Directors, 2005)". Hain justu, lan horren 20. urtemugaren harira jasoko dute saria.
Zinemaldiako arduradunek gogorarazi dutenez, Esnalen eta Altunaren komedia horrek "Donostia Zinemaldiko Gazteriaren Saria eta Goya sarietarako zuzendari berri onenaren izendapena balio izan zizkion tandem gipuzkoarrari". Pelikula "mugarri" bihurtu zen euskarazko zineman, "lortutako arrakastak ikusgarritasuna eta zilegitasuna eman baitzizkien euskaraz egindako ekoizpenei". Antolatzaileen esanetan, ordutik hona "ekoizpen indartsu eta jarraitua normalizatu da, hala Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean eta bestelako ataletan nola zirkuitu komertzialetan".
Saria irailaren 23an jasoko dute, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, Euskal Zinemaren Gala Handian.
Zerrenda luzea elkarrekin zein bakarka
Geroztik, Esnalek eta Altunak film gehiagotan kolaboratu dute, besteak beste, Urte berri on, amona! (New Directors, 2011) filmaren gidoian; Iraila, Kalebegiak (Belodromoa, 2016) lan kolektiboaren film laburrean, eta haien lehen film luzearen sekuelan, Agur, Etxebeste! (Euskal Zinemaren Gala, 2019).
Bakarka, Esnalek dantza tradizionalen bidez euskal gizartearen erretratu poetikoa egiten duen Dantza (Sail Ofizialeko Emanaldi Bereziak lehiaz kanpo, 2018) eta existentziari buruz hausnartzen duen Urtzen (Zinemira, 2020) zuzendu ditu, besteak beste. Altunak, bestalde, beste lan batzuren artean, bat-bateko poesian barrena bidaia egiten duen Bertsolari (Sail Ofiziala lehiaz kanpo, 2011), bizitza ulertzeko bi moduren arteko gatazka islatzen duen eta Irizar Saria eskuratu zuen Amama (Sail Ofiziala, 2015), euskal gastronomiaren eboluzioa kontatzen duen ARZAK since 1897 (Culinary Zinema, 2020) eta Cristina Iglesias eskultorearen obra esploratzen duen Hondalea (Euskal Zinemaren Gala, 2021) zuzendu ditu.
Zinemaldiaren aurtengo edizioan ere parte hartuko du Altunak, Karmele aurkeztuko baitu Sail Ofizialeko Emanaldi Berezietan, lehiaz kanpo. EITBko Brinkola (2009) seriea ere zuzendu zuten Esnalek eta Altunak, eta beraien ibilbidean, elkarlanean edo bakoitzak bere aldetik, film labur ugari sinatu dituzte. Horietako asko Kimuak katalogoan programatu ziren: Topeka (2004), Sarean (2005),Taxi? (2007), Setioa (2007), Amona putz! (2009), Artalde (2011), Hamaiketakoa (2012), Zela trovke (Cortando hierba, 2013) eta Soroa (2014).