Zarauzko gorengo futbol taldeak denboraldiari heltzeko gertu

Intza Trula 2025ko abu. 30a, 10:00

ZKE futboleko gizonezkoen lehen taldea, denboraldiaurreko lehen entrenamenduan, Astin. (ZKE)

Lagunarteko partida bana jokatuko dute gaur neskek eta mutilek, eta irailean ekingo diete denboraldiari. Nesken taldeak, gainera, entrenatzaile berria du: Iñigo Mutio.

Hirugarren mailara igota agurtu zuen pasa den denboraldia ZKE Futboleko gizonezkoen lehen taldeak. Hainbat urteren ondoren, zegokion kategoriara itzuli dira zarauztarrak, eta kontzientziaz prestatzen ari dira denboraldi txukuna osatzeko eta zaleak gustura uzteko.

Hilabete hasieran itzuli ziren lanera, eta ligaren atarian, datorren astean hasiko baita, zenbait lagunarteko jokatzen ari dira azken asteotan. Zehazki, entrenamenduekin hasi eta astebetera izan zuten lehen hitzordua, abuztuaren 9an, Astin. Hirugarren mailako Durangoko futbol taldea izan zuten aurrez aurre, eta partidak ez zuen amaiera onik izan etxekoentzat: 0-2ko emaitzarekin amaitu zen neurketa. 

Abuztuaren 16an jokatu zuten bigarren lagunartekoa, oraingoan, Erregionalen Ohorezko Mailako Beti Gazte taldearen aurka. Partida parekatua izan zen Lesakan jokatutakoa, baina gol baten aldeak garaipena eman zion Zarautzi; 1-2koarekin amaitu zen lehia. Garaipen horren ostean, konfiantzaz beteta heldu ziren hirugarren neurketara, eta Oriokori 3-0 irabazi zieten, abuztuaren 20an.

Bolada onarekin jarraituz, Erregionalen Ohorezko Mailako Altsasu hartu zuen mendean aurreko asteburuan, 3-2 irabazita. Orain, ligari ekin aurreko azken testa izango du. Hain justu ere, gaur jokatuko dute azken lagunartekoa, hirugarren mailan aurkari zuzen izango duen Lagun Onak taldearen kontra.

Etxekoen aldeko apustua

Talde guztietan gertatu ohi den moduan, ZKEko gizonezkoen taldean jokalarien joan-etorriak daude denboraldi honetan. Arrazpi ezberdinak tarteko, esaterako, taldea uztea erabaki dute Adrian Casadevantek, Kepa Aizpuruak, Jokin Oiangurenek, Ibon Garrastazuk, Simon Arangurenek eta Aitor Andreanok.

Bestalde, taldea indartu asmoz, jokalari berrian artean dago Unai Cortes, beheko taldetik igota jantziko baitu aurten lehen taldearen elastikoa. Kanpotik etorritako salbuespen bakarra Erik Pereira atezain gaztea da; Reala B taldeak lagata jokatuko du Zarautzen, hain justu.

Lantalde teknikoari dagokionean, ez da berrikuntzarik izango: hau da, Joseba Rotetak jarraituko du entrenatzaile lanetan, eta laguntzaile modura jardungo dute Mikel Arregik eta Asier Landak. Delegatu ardura, berriz, Xabier Ruizek izango du beste urte batez.

Hilabeteko prestaketaren ostean, irailaren 6an abiatuko du 2025-26 denboraldia ZKE Futboleko gizonezkoen lehen taldeak, Aretxebaletaren aurka. Astiko futbol zelaian jokatuko dute lehen partida, zaleen babesean.

Neskak ere martxan

Nesken lehen taldea ere martxan da jada, eta, gainera, entrenatzaile berri baten gidaritzapean: Iñigo Mutiok zuzenduko du aurtengo denboraldian nesken taldea.

Abuztuaren 18an hasi ziren denboraldia prestatzeko entrenamendu saioekin, eta lehen lagunartekoa gaur jokatuko dute. Hiruko torneoa izango da, eta Zarautzez gain, bertan parte hartuko dute Intxaurdik eta Altsasuk. Horrez aparte, beste hiru partida ere jokatuko dituzte liga hasi aurretik: irailaren 2an Zumaiakoren aurka; irailaren 6an, Alegriaren aurka; eta hilaren 13-14ko asteburuan, Oiartzunen aurka.

Liga irailaren 20-21eko asteburuan hasiko dute. Etxetik kanpo ekingo diote denboraldiari, Gasteizen, Lakua taldearen aurka.

Iñigo Mutio nesken lehen taldeko entrenatzaile berria. (ZKE)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide