Mendeurrenaren ajeak ez du baretuko festarako grina

Intza Trula 2025ko abu. 29a, 10:15

Xabier Txurruka alkatea eta Irune Urbieta Kultura zinegotzia, Euskal Astearen aurkezpenean. (Intza Trula)

Euskal Astea abiatu zuten atzo, eta hilaren 9an biribilduko dute, Euskal Jai egunarekin. Ohiko moldeari eutsiko dio egitarauak, baina aldaketak ere badira.

Mendeurren batek merezi zuen mailako ospakizuna izan zuen iazko Euskal Jaiak. Ez zuten ezer gordailuan utzi, eta dagokion aitortza eman zioten hainbat jarduera gogoangarri antolatuta; hala nola ehungarren urteurreneko abestia, Euskal Jaien logoa eta erakusketa mamitsua gauzatu zituzten. Aurten urak bere horretara itzuli dira, baina horrek ez du esan nahi festa baretuko denik. Izan ere, zarauztarrentzat hain handia den eguna –eta kultur astea– beti bezain indartsua izango da. Halaxe iragarri zuten atzo eguerdian Xabier Txurruka Zarauzko alkateak eta Irune Urbieta Kultura zinegotziak aurkezpen ekitaldian.

Jaiak ohiko dinamikara itzuliko badira ere, bada aldaketarik egitarauan, batez ere Euskal Astean zehar jokatzen diren txapelketetan. Banakako eta binakako dantzen zein aurreskuaren lehiak ohi bezala jokatuko dituzte, baina trikiti eta pandero lehiaketarik ez antolatzea erabaki dute. Txurrukak azaldu zuenez, azken urteetan behera egin du parte hartzeak, eta iaz bertan behera utzi zuten gutxieneko kopurura iritsi ez zirelako. Hala eta guztiz ere, asko dira lehiaketetan parte hartu nahi ez dutenak baina kaleak girotzera ateratzen direnak. Horrexegatik, txapelketa albo batera utzi, eta jaialdia antolatu dute, Zarautztrik trikiti eskolako kideei plaza emate aldera.

Dantzekin jarraituz, aurten ere ikastaro irekiak antolatu ditu udalak, herritar oro arin-arinean eta fandangoan trebatzeko. Iaz saio horiek arrakasta handia izan zutela nabarmendu dute udaleko ordezkariek, eta aukera ezin hobea iruditzen zaie Euskal Jai egunean jendea dantzan jartzeko. Gainera, gogoratu dute saioak oinarri-oinarrizkoak izango direla, guztiek jarraitzeko modukoak, alegia. Frontoi Txikin izango dira, irailaren 1etik 5era, 17:30etik aurrera, eta ez da beharrezkoa izango aurretik izena ematea.

Bestalde, aurten karroza proposamen bakarra aurkeztu da lehiaketara. Jose Luis Lasa eskultorearena da, eta aurreratu zutenez, balea izango du oinarri. Ez da Lasak Euskal Jai egunez karroza bat aurkezten duen lehen aldia; 2022an ere berak bakarrik atera zuen karroza, motibo berarekin.

EUSKAL ASTEA

Gaur, abuztuak 29:

  • 22:00. Bertsolari gazteen 49. Lizardi sariaren kanporaketa saioa, Santa Klaran.

Irailak 1, astelehena:

  • 17:30. Fandango eta arin-arin ikastaroa Jon Alkain eta Alaitz Garciarekin, Zarautztrikek lagunduta, Frontoi Txikin (euria egingo balu, Gaztelekuan). Ez da aurretik izena eman behar.
  • 19:00. Helduen Binakako Dantza Txapelketa, Lege Zaharren Enparantzan (euria egingo balu, Modelo aretoan).

Irailak 2, asteartea:

  • 17:30. Fandango eta arin-arin ikastaroa Jon Alkain eta Alaitz Garciarekin, Zarautztrikek lagunduta, Frontoi Txikin (euria egingo balu, Gaztelekuan). Ez da aurretik izena eman behar.
  • 20:00. AAtik ZZra herriko talde ezberdinen emanaldiak, Lege Zaharren Enparantzan (euria egingo balu, Lizardi aretoan). Parte hartzaileak: Zarautztrik kultur elkarteko ikasleak, Jalgi dantza taldea, Goizeko Ihintza txistulariak, Arrai Zopa taldea, Alproja antzerki taldea eta Montetxio abesbatza. Aurkezlea: Beñat Intxauspe. Bertsolariak: Aner Peritz eta Motxian-Etxebeltz bertso eskolako kideak. Gidoilaria: Beñat Intxauspe.

Irailak 3, asteazkena:

  • 17:30. Fandango eta arin-arin ikastaroa Jon Alkain eta Alaitz Garciarekin, Zarautztrikek lagunduta, Frontoi Txikin (euria egingo balu, Gaztelekuan). Ez da aurretik izena eman behar.
  • 19:00. Euskal Asteko trikiti jaialdia, Lege Zaharren Enparantzan. (Euria egingo balu, Modelo aretoan). Parte hartzaileak: Alaitz Roteta, Gorka Valdes eta Hektor Folk; Amets Etxaide, Oihane Etxaide eta Haitz Lertxundi; Aratz Olaizola, Irati Orbegozo eta Uxoa Orbegozo; Eneritz Zapirain, Lore Erostarbe eta Naia Erostarbe; Ilargi Martin, Oier Illarramendi, Urko Urbieta, Jaione Eskudero, Larraitz Oñatibia eta Lierni Alkain; Ioritz Txapartegi, Irati Arizmendi, Oier Iturrioz eta Elene Arruti; eta Maider Labaka, Izaskun Ezeiza eta Olatz Leturiaga.

Irailak 4, osteguna:

  • 17:30. Fandango eta arin-arin ikastaroa Jon Alkain eta Alaitz Garciarekin, Zarautztrikek lagunduta, Frontoi Txikin (euria egingo balu, Gaztelekuan). Ez da aurretik izena eman behar.
  • 19:00. Bikote Gazteen Dantza Txapelketa, Lege Zaharren Enparantzan (euria egingo balu, Modelo aretoan).

Irailak 5, ostirala:

  • 17:30. Fandango eta arin-arin ikastaroa Jon Alkain eta Alaitz Garciarekin, Zarautztrikek lagunduta, Frontoi Txikin (euria egingo balu, Gaztelekuan). Ez da aurretik izena eman behar.
  • 22:00. Bertsolari Gazteen 49. Lizardi sarien finala, Modelo aretoan. Sarrera doan izango da, eta gonbidapenak saioa baino ordubete lehenago hartu beharko dira, Modelo aretoko leihatilan.

Irailak 6, larunbata, Euskaraz Bizi eguna:

  • 11:00. Euskararen aldeko 39. Lasterketa, AEK-k antolatuta, Musika Plazatik abiatuta. Izen ematea egunean bertan egin beharko da, 10:15ean.
  • 11:30. 37. Aurresku Txapelketa, Lege Zaharren Enparantzan (euria egingo balu, Modelo aretoan).
  • 14:30. 37. Bazkari Herrikoia, EHEk antolatuta. Ondoren, kalejira, elektrotxarangarekin.
  • 18:00. Gipuzkoako 26. Artzain Txakur Txapelketa, Jose Luis Saizarren omenez, Amalur parkean.

Irailak 7, igandea, Haurren Euskal Jai Eguna:

  • 10:30. Dantzarien bilkura, Munoan.
  • 11:00. Dantzariek Agintariarena eta Agurra dantzatuko dituzte, eta kalez kale ibiliko dira.
  • 11:00. Kalejira, Musika Eskolako txistulari eta trikitilariekin.
  • 12:45. Dantzarien harrera eta emanaldia, Munoan (euria bada, kiroldegian).
  • 13:30. Haurrak familietan banatuko dira bazkaltzeko, Munoan (euria bada, kiroldegian).
  • 17:30. Kalejira Musika plazatik Iñurritzara, buruhandi, erraldoi, Zarautztrik eta Ustekabe txarangarekin.
  • Ondoren, dantzarien bilkura, Iñurritzan.
  • 18:00. Puzgarriak haur eta nerabeentzat, Iñurritzan.
  • 18:30. Erromeria Iratzar taldearekin, Iñurritzan.
  • 20:00. Kalejira Iñurritzatik Musika plazara.

Irailak 8, astelehena:

  • 19:00. Alaken taldearekin plaza dantzak, Musika Plazan.
  • 20:00. Zarautz Abesbatzak Salbea abestuko du, Frantziskotarren elizan.

Irailak 9, asteartea, Euskal Jai Eguna:

  • 07:00. Diana, herriko kaleetan zehar.
  • 08:00. Goiztarrak taldearen irteera. Antzinako ohiturak berreskuratuz, goizean, garai bateko pertsonaiak irudikatuko dituzte kalez kale.
  • 08:00. Gure Boza otxotea kaleetan zehar.
  • 08:30. Kalez kale, txistulariak, trikitilariak, dultzaineroak eta Iturengo tunturroak.
  • 10:30. Meza Nagusia Schola Cantorum abesbatzak abestuta, Frantziskotarren elizan.
  • Mezaren ondoren, Goiztarrak taldearen eskutik, pilota-partidak, herri-kirolak eta bertsolariak, Frontoi Txikin.
  • 11:00-14:00. Egurrezko jolasak haurrentzat, Torre Luzea parkean.
  • 11:45. Alproja taldearen irteera (San Inazio kalea, Kale Nagusia, Torre Luzea parkea, Nafarroa kalea eta Munoa).
  • 12:00. Dena erosterik ez antzezlana, Munoan.
  • Eguerdian, erromeria, trikitilari, txistulari eta dultzaineroekin, Musika Plazan.
  • Ordu berean, erromeria trikitilariekin, Lege Zaharren Enparantzan.
  • 13:00. Karro-lehiaketaren sari-banaketa, Lege Zaharren Enparantzan.
  • 13:15. Erromeria Bide Batez taldearekin, Munoan.
  • 13:30. Karroza ikusgai egongo da, Lege Zaharren Enparantzan.
  • 14:00. Lizarrako Larrain Dantza herrikoia dultzaineroekin, Musika Plazan.
  • 17:30. Musika plazatik Iñurritzara kalejira, trikitilari, dultzainero eta txistulariekin.
  • 18:00. Haurrentzako herri-kirolak Kulki taldearen eskutik, Iñurritzan.
  • 18:30. Erromeria Eingo taldearekin, Iñurritzan.
  • 20.00. Lizarrako Larrain Dantza herrikoia dultzaineroekin, Iñurritzan.
  • 20:30. Kalejira Iñurritzatik Musika plazara.
  • 22:00. Dantzaldia Bide batez taldearekin, Munoan.
  • 22:30. Erromeria trikitilariekin, Musika Plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide