Aurki abiatuko dute 2025-26 denboraldiko Hondartzako Futbol Txapelketa, eta antolakuntzak jakitera eman duenez, astelehenean zabalduko dute bertan izena emateko aukera. Parte hartu nahi duten taldeek irailaren 22a izango dute inskripzioa egiteko azken eguna, baita ordainketa egin eta eskatutako dokumentazioa bidaltzekoa ere. Lehen jardunaldia, berriz, urriaren 5ean jokatuko dute.
Hori hala, izena emateko antolakuntza@playeruak.eus posta elektronikora idatzi beharko da, eta Caja Rural De Navarrako ondorengo kontu korrontean 260 euro sartu: ES17 3008 0181 30 3009408216. Antolakuntzak aurreratu du ez duela izen ematea onartuko ordainketa egin artean.
Izena emateko bidalitako mezuan transferentziaren egiaztagiria eskaneaturik bidaltzeaz gain, beste agiri batzuk ere aurkeztu beharko ditu talde bakoitzak: jokalari guztien NAN agiriaren fotokopia; delegatuaren NANaren fotokopia, posta elektronikoa eta telefonoa eta taldearen informazioa duen dokumentua beteta, hain justu ere.
Aurreko aldietan bezala, parte hartzeko beharrezkoa izango da 16 urtetik gora izatea, eta taldeei dagokienez, gizonezkoetan gehienez ere 22 jokalari izango dira taldean, eta 11 gutxienez; emakumeetan, hemezortzi jokalari izango dira gehienez, eta zortzi gutxienez. Halaber, aurten ere taldeen ardura izango da jokozainak lotzea, eta lan horretan aritzeko prest dagoen norbait ezagutuz gero, antolakuntzako kideei jakinarazteko eskatu dute, antolakuntza@playeruak.eus helbidera idatzita. Jokozain nahikorik egongo ez balitz, taldeen artean zozkatuko dute ardura.
Jokalarien fitxak
Denboraldia hasi aurretik talde bakoitzari bere jokalarien zein delegatuen fitxak pasako dizkie antolakuntzak, URL baten bitartez. Dokumentu horrek klubaren zigilua eramango du, eta partida egunean eskura eduki beharko da (digitalki edota fisikoki).
Fitxa berriei dagokienez, jokalari berri bat edo batzuk sartu ahal izateko, beharrezkoa izango da antolakuntzari horren berri ematea, antolakuntza@playeruak.eus helbidera idatzita. Bi epe egongo dira horretarako: bata, irailaren 1tik 26ra, eta, bestea, urtarrilaren 1etik urtarrilaren 12ra.
Horrez aparte, urtero egin ohi duen moduan, taldeekin bilera egingo du antolakuntzak lehia hasi aurretik. Irailaren 27an jarri du hitzordua, 11:00etan, Zarautz Kirol Elkartearen egoitzan.