Herri kirolei txanda egin zieten atzo Donostiako Aste Nagusiko egitarauaren barruan. Bi harri jasotze proba jokatu zituzten Donostiako Alde Zaharrean kokatutako Trinitateko plazan. Ez ziren aritu nolanahiko harriekin. Forma bereziko harriekin aritu ziren lanean atzokoan harri jasotzaileak. Gizonak Igeldoko Harriarekin eta emakumeak Uliakoarekin.
Uliako Harria harri jasotze probaren laugarren aldia jokatu zuten atzo. Bederatzi emakume aritu ziren 70 kiloko harria altxatzen, eta onena Ainitze Zumeta zarauztarra izan zen. Irabazi bakarrik ez, harri oboidea 23 aldiz altxa zuelako bost minutuko proban. Ondo menderatuta du Zumetak harri hori, azken hiru urtetan bera izan delako probaren irabazlea. Iaz, 21 altxaldi eginda irabazi zuen Uliako Harriaren proba. Bigarren Lierni Osa sailkatu zen, 21 jasoaldirekin, eta hirugarren Maddi Gesalaga 19rekin.
Gizonetan, zazpi harri jasotzaile aritu ziren Igeldoko Harriaren 33. proban. 136 kiloko harri oboidea da Igeldokoa, eta lanak izan zituzten parte hartzaileek hura menderatzeko. Emakumetan gertatu bezala, gizonetan ere zarauztar bat izan zen irabazlea, Mikel Lopetegi Urra, hain zuzen. Hemezortzi jasoaldi egin zituen aurten zarauztarrak, iaz baino bi gutxiago. Orduan marka berria ezarri zuen Urrak. Aurtengoarekin, bost aldiz irabazi du Lopetegik Igeldoko Harria proba, azken laurak jarraian. Urraren ondoren, Paulo Azpiazu sailkatu zen, 17 jasoaldirekin, eta hirugarren Beñat Telleria 15ekin.