Bihar emango diote haisera Aste Nagusiari, eta eraso matxistarik gabeko eta indarkeriarik gabeko jaiak ospatzeko helburuarekin, Zarauzko Udaleko Berdintasun sailak neurriak hartu ditu. Abuztuaren 14an, 15ean eta 16an Puntu Morea ezarriko dute malekoian kokatuta dagoen Galtxagorri elkartearen aurrean.
Gune horretan, laguntza eta sexuaren edota generoaren araberako erasoen aurrean –LGTBIfobiari lotutakoak ere bai– jarduteko protokoloari lotuta materiala eskainiko dute. Gainera, lehen aldiz, sumisio kimikoaren aurkako eskumuturrekoak banatuko dituzte; 500 halako, guztira. Horiek edarietan aurki daitekeen drogen detekziorako bi test eta segurtasunerako QR kodea edukiko dituzte.
QR horrek hainbat erraztasun eskainiko dizkie herritarrei: 112ra deitzeko aukera, geolokalizazioa aktibatzeko aukera –senideekin edo lagunekin partekatzeko– eta testaren emaitzak interpretatzeko eta eskumuturrekoa behar bezala erabiltzeko argibideak kontsultatzeko aukera.
Testak erabilera bakarrekoak direnez, susmoa dagoenean soilik erabiltzea gomendatu dute; QR kodea, aldiz, mugarik gabe erabili ahal izango da.