500 lagunentzako adina marmitako, SKAPA jaietako azken egunean

Juan Luis Romatet 2025ko abu. 12a, 15:22

Herri bazkarian zerbitzatu zuten marmitakoa prestatzen ari ziren bitartean, patata tortila, postre eta toka lehiaketak ere egin dituzte Azken Portuko plazan. Gauean, bertso saioa eta Fan & Go taldearekin erromeria izango dute. 

Pasa den ostiralean abiatutako SKAPA jaiei gaur gauez emango diote amaiera Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbatalde auzoetan. Era guztietako ekitaldiak eta jarduerak izan dituzte aurreko egunetan. Gaur, berriz, lagunartean eseri eta sabela betetzeko aukera izan dute. 

Eguerdi partean hasi dira marmitako lehiaketako jakiak prestatzen, jakinda atunarekin eta patatekin egindako gisatu hori herri bazkarian zerbitzatuko zutela. 30 parte hartzaile izan ditu aurtengo lehiaketak, eta denen artean 500 pertsonak jateko adina marmitako egin behar izan dute. Atuna, patatak, piper berdea, tipula eta sukaldari bakoitzak gogoko dituen osagaiak bota dituzte lapikoetara. Epaimahaiak lehenbizi eta bazkariko partaideek ondoren, erabakiko zuten gisatu onak prestatu dituzten edo ez.

Marmitakoa kozinatzeari ekin dioten bitartean, patata tortila, postre eta toka lehiaketak ere egin dituzte Sagasti plazan. Tortila eta postre lehiaketako irabazleak bazkalondoan emango zituzten jakitera; tokakoa, aldiz, lehiaketa bukatu eta berehala banatu dute. Guztira, 80 parte hartzaile izan ditu toka lehiaketak, eta horietatik sei, lautan edo hirutan burdinazko xafla jotzeko gai izan direnak, pasa dira finalera. Azken tiraketan onena Roberto Ostolaza izan da. 

Jai giroa gauera arte

Jaiak gaur amaituko dituzte, baina festa giroak gauera arte iraungo du. Arratsaldean, bazkalondoren, poteo girotua egingo dute auzoko taberna inguruan. Gauez, 22:00etan hasita, bertso saioa egingo dute Plaza gorrian. Kantuan arituko dira ulio Soto, Onintza Enbeita, Unai Agirre, Markel Eizagirre eta Maialen Lujanbio bertsolariak. Amaitzeko, erromeria izango dute Fan & Go taldearekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide