Argentinako lehenengo lagunarteko topaketa ospatuko dute hurrengo larunbatean Gastrotxokon

Aiora Arriola 2025ko abu. 14a, 09:00

Haragia parrillan. (Utzitakoa)

Dantza tailerraz, parrilladaz, trikimailu txapelketaz eta zozketaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek Vista Alegreko elkarte horretan, baita musika entzutekoa ere. Otorduetarako aurrez eman behar da izena. Topaketa horren helburua da Argentinako zein Euskal Herriko herritarrak elkartzea.

Abuztuaren 23an, larunbatarekin batera, Argentinako lehenengo lagunarteko topaketa ospatuko dute Vista Alegre auzoko Gastrotxoko elkartean. Egun osorako festa antolatu dute, eta hainbat ekintza egingo dituzte, bazkariaz zein afariaz gain; dantza tailerra, gitarra emanaldia eta trikimailu txapelketa.

Topaketa horren helburua da Argentinako zein Euskal Herriko herritarrak elkartzea, festa giroan jendeak elkar ezagutu dezan eta horiek kultura desberdinak ezagutu ditzaten. Ospakizuna antolatu duten lehen aldia izanik, Argentinako kulturarekin harremana daukaten ekitaldiak antolatu dituzte, festa antolatzeaz arduratu den herritarra hangoa baita izatez. Hark Gukari azaldu dionez, topaketa ondo ateratzen bada, egitasmo gehiago antolatzeko asmoa dute, haietan euskal kulturarekin lotura duten ekintzak ere prestatuz.

Elkartean egingo dituzten bazkarira eta afarira joan nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena 634 37 42 20 (Gus) telefono zenbakira deituta. Sarrerak 35 euro balio ditu, eta bazkaritan parrillada argentinarra eskainiko dute: haragizko empanadillak, hegazti entsalada, matanbre bildua, txorizo kreoleak, odolkia, txahal magala, txahal sahieskia, erraia eta oilaskoa nahiz edariak (ardoa, sagardoa edo ura), ogia eta postrea. Afarian, berriz, hanburgesak izango dira protagonistak. Otorduen amaieran, urdaiazpiko paleta eta gazta zozkatuko dituzte elkartean diren lagunen artean.

Hona hemen larunbaterako prestatu duten egitaraua:

  • 12:00-14:00. Chacarera dantza argentinarraen tailerra.
  • 15:00. Parrillada argentinarra.
  • 17:00. Gitarra joaldia eta berriketa.
  • 18:00. Trikimailu txapelketa.
  • 20:00. Hanburgesen afaria.
  • 21:00. Zozketa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide