Mikel Agirrezabalaga 'Kapaxko' da Amenabar Zarautzen entrenatzaile berria

Onintza Lete Arrieta 2025ko abu. 5a, 10:30

Mikel Agirrezabalaga, artxiboko irudi batean.

Eskubaloi jokalari ohiak Mikel Alzaga ordezkatuko du. Alzaga, berriz, klubeko kirol zuzendari izatera igaroko da. Taldea Zilarrezko Mailan lehiatu da azken denboraldian, baina kategoriaz jaitsiarazi zuen Espainiako Eskubaloi Federazioak, eta gaia epaitegietan den arren, Lehen Nazional Mailan hasi beharko dute liga zarauztarrek.

Amenabar Zarautzek gaur eman du berria: Mikel Agirrezabalaga Kapaxko da eskubaloi taldearen entrenatzaile berria. Mikel Alzagari hartuko dio lekukoa; Alzaga bi urtez izan da taldearen gidari, eta klubak esker oneko hitzak helarazi dizkio, "poltsikoan igoera bat eta Zilarrezko Mailan urte oso duin bat dituela utziko duelako Amenabar". Ez da urrutira joango, gainera, klubeko kirol zuzendari izatera igaroko baita.

Kapaxko klubeko beste talde bat entrenatzetik dator, Ameztoi, emakumezko seniorren bigarren taldea. Bestalde, klubak gogorarazi du Amenabarrek eman duen eskubaloi jokalari onenetakoa izan dela: Barça eta Anaitasuna taldeetan ez ezik, Alemanian eta Bielorrusian ere jokatutakoa da zarauztarra, eta etxeko taldea zuzenduko du orain. Bere aginduetara edukiko dituen jokalarien artean, gainera, anaia gaztea du: Alberto Agirrezabalaga.

Uda zaila

Irailaren 13an hasiko dute liga, Getxon (Bizkaia), eta aurrez, datorren astean hasita, aurredenboraldiko partidak jokatuko dituzte. Dena den, oraindik zehazteko dituzte lagunarteko horiek noiz eta noren kontra izango diren. Izan ere, Amenabar Zarautzentzat uda zaila izaten ari da aurtengoa, zalantzaz beterikoa, Zilarrezko Mailan denboraldi txukuna egin eta azken laugarren postuan amaitu duten arren, maila galdu dutelako Espainiako Eskubaloi Federazioaren erabaki baten ondorioz.

Erabaki horrekin ados ez, eta Amenabarrek helegitea jarri zuen epaitegietan, baina ebazpenik ez da iritsi oraindik, eta abuztua izanik, klubak ez du uste liga hasterako ezer konponduko denik. Beraz, beheko kategorian ekin beharko diote ligari, hau da, Lehen Nazional Mailan.

"Pena" dute jokalariek, baina ez dute etsi, eta borrokan jarraituko dute "injustuzia" horren aurka. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide