Turismoaren negozioaren aurka antolatzera eta borrokatzera deitu du Urola Kostako Kontseilu Sozialistak

Maialen Etxaniz 2025ko abu. 2a, 15:00

Dozenaka herritar mobilizatu da gaur eguerdian turismoaren negozioaren aurkako manifestazioan. Hiru helbururekin egin dute protesta: turismoaren negozioak bertako langileengan eragiten dituen kalteak seinalatzeko; negozio horretatik aberasten diren enpresaburu eta jabeen erasoei aurre egitera deitzeko eta instituzioek eta politikariek duten erantzukizuna salatzeko. 

Turismoaren negozioaren aurka mobilizatu dira gaur eguerdian Zarautzen, Urola Kostako Etxebizitza Sindikatuak eta Kontseilu Sozialistak deituta. Hain zuzen, turismoaren negozioak bertako langileengan eragiten dituen kalteak seinalatzeko, negozio horretatik aberasten diren enpresaburu eta jabeen erasoei aurre egitera deitzeko eta erakundeek eta politikariek duten erantzukizuna salatzeko atera dira kalera gaur egindako manifestazioan. Udaletxe plazatik atera da protesta 12:00etan, eta malekoian egin dute hitzartzea. Kontseilu Sozialistako kideek nabarmendu dute Zarautz  "izugarrizko irabazi iturria" dela turismotik negozioa egiten dutenentzat, eta horren albo-kalteak, "miseria eta esplotazioa", bertako langileek jasaten dituztela salatu dute. Era berean, turismoaren negozioaren aurka antolatzera eta borrokatzera deitu dituzte herritarrak. 

Zarauzko etxebizitzaren auzia nabarmendu nahi izan dute Etxebizitza Sindikatuko kideek. Adierazi dute etxe turistikoak hirukoiztu egin direla 7 urtetan, eta herriko 10 etxetik 3 hutsik daudela edo bigarren etxebizitzak direla. Horien erabilera turistikoak "gentrifikazioa indartu eta prezioak garestitzea" eragiten duela salatu dute. "Alokairua %40 garestitu da azken 10 urtetan, eta etxe berriak milioi erditik gora balio dute. Gainera, kasu askotan udan gure etxea uztera behartuta gaude, etxejabeek turistei alokatuta diru gehiago irabaz dezaten", adierazi dute. Horri lotuta, gogoan izan dute Orioko bi bizilagunen kasua, eta antolatzearen garrantzia azpimarratu dute: "Jabeari eta inmobiliariai planto egin eta beraien etxean gelditzea lortu dute. Horrek erakusten digu, antolakuntzan bitartez garaipenak eskuratzea posible dela".

"Erantzuteko garaia"

Instituzioek turismoaren negozioa "baimentzen eta bultzatzen" dutela ere salatu dute, "gure herriak mapan kokatzeko helburuarekin". Adibide gisa, Los 40 Summer Live bezalako ekimena aipatu dute, halakoetan "dirutza" gastatzen dutela nabarmenduz. Aitzitik, "herriko eragileoi espazio publikoa erabiltzea oztopatzen edo debekatzen zaigu maiz". Ostalaritzan eta udako bestelako lanetan, "ezegonkortasuna, soldata baxuak eta eskubideen urraketak" eguneroko ogia direla aditzera eman dute: "Laneko esplotazio horretatik, enpresariek milaka euroko irabaziak lortzen dituzte".

Arazoaren aurrean politikariek duten rola ere salatu dute: "Politikariek zer egiten dute arazo horren aurrean?  Etxebizitzaren negozioa bultzatu: milaka etxe eraikiz, jabeei abantaila fiskalak emanez ta errentistan poltsikotan bukatzen duen diru-laguntzak onartuz. Badaude nahiko etxe herrian guztiok bizi ahal izateko: arazoa ez da etxebizitza falta, horrekin egiten den negozioa baizik". Hori dela eta, "erantzuteko garaia" dela nabarmendu dute Kontseilu Sozialistako kideek, eta horretarako deia egin diete herritarrei. "Nola da posible gure herrian 2.400 etxe inoren ohiko bizileku ez diren bitartean, jendeak kalean lo egin beharra? Nola da posible, batzuk etxeak pilatuz aberasten diren bitartean, gazte gehienok ezin emantzipatzea edo gure herritik alde egin behar izatea? Nola da posible, enpresariek izugarrizko irabaziak dituzten bitartian, bertako langiliok baldintza negargarriak pairatzea?".

Langileek egunerokoan jasaten duten "biolentzia guztien aurrean", antolakuntza, mobilizazioa eta borroka proposatu dituzte: "Ez dezaten inor gehiago bere etxetik bota, ez dadin nagusi bat bera ere inpune gelditu eta guztiok kalitatezko bizi baldintzak bermatuta izan ditzagun. Inmobiliariak, errentistak, ostalaritza enpresak eta horien mende zaudeten politikariak, aurrean izango gaituzue!"

Zarauzko datuak

Turismoaren negozioaren "aurpegirik gordinena" etxebizitzaren arazoa dela nabarmendu du Kontseilu Sozialistak. Kontuan hartzeko datuak jakinarazi zituen turismoaren negozioaren aurkako kanpaina abiatzean: "Zarautzen 197 etxe turistiko daude jada, eta guztira, turistentzako 4.229 plaza [hotelak, pentsioak eta gainerako ostatuak kontuan hartuta]. Bestetik, 2.416 etxe hutsik daude edo bigarren etxebizitzak dira. Hau da, Zarauzko hamar etxetik hiru ez dira jendearen ohiko bizileku, oporraldia igarotzeko edota turistei alokatzeko baizik".

Etxebizitza bat erostea, berriz, ezinezkotzat jo dute "gehienontzat". Izan ere, "Zarautz da Gipuzkoako metro koadro garestiena duen herria, eta etxebizitza berrien prezioa 500.000 eurotik gorakoa da. Negozio borobila eraikuntza- eta higiezin-enpresa nahiz espekulatzaileentzat. Herritar asko, berriz, etxebizitzarik eskuratu ezinik, kanporatuak izaten ari gara".

(Argazkiak: Urola Kostako Kontseilu Sozialista)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide