Udaleko lan eremuan sexu-jazarpenari aurre egiteko protokoloa onartu dute

Aritz Mutiozabal 2025ko abu. 3a, 10:30

Zarauzko Udaleko bulegoak, Etxezabala eraikinean. (Zarauzko Udala)

Sexu-jazarpenik gabeko lan-ingurunea bermatzea da protokoloaren xedea, prebentzioa sustatzeko eta horien aurrean jarduteko. Uztaileko udalbatzarrean onartu zuten aho batez, alderdi guztien aldeko botoekin.

Zarauzko Udalean sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari aurre egiteko protokoloa onartu dute. 2022an onartutako IV. Udal Berdintasun Planeko ekintzen barruan zehaztutako zereginetako bat zen, eta lanketan bat egin ondoren, aho batez eman zuten ontzat joan den astean, uztaileko udalbatzarrean.

Protokoloaren helburu nagusia da sexu-jazarpenik gabeko lan-ingurunea bermatzea, prestakuntzaren, sentsibilizazioaren eta edozein salaketaren aurrean modu irmo eta modu azkarrean jardutearen bidez, eta, horrela, prebentzioaren kultura sustatuz. Prozedurak konfidentzialtasuna, inplikatutako pertsonen segurtasuna eta berehalako aktibazioa jasotzen ditu, kasuaren larritasunaren arabera.

Gainera, Zarauzko Udalari atxikitako langile guztiei aplikatuko zaie: politikariei, funtzionarioei, boluntarioei, prestakuntzan daudenei, praktiketako ikasleei eta Udalarentzat zerbitzuak ematen dituzten kanpoko enpresetako edo autonomoetako langileei ere, espazio fisiko zein digitaletan. Aplikazio eremua udalarekin lotutako langileen arteko harremanetara mugatuko da.

Protokoloak funtsezko printzipioak dituela zehaztu dute; adibidez, pertsonen intimitatearen eta duintasunaren babesa, konfidentzialtasuna, birbiktimizaziorik eza, inpartzialtasuna eta defentsarako eskubidearen errespetua. Horrez gain, salaketak modu anonimoan aurkezteko mekanismoak ezarriko dituzte, datuen babesa eta hirugarren pertsonen testigantzen aurrean ere jarduteko aukera bermatuz.

"Oso tresna indartsua"

Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak aditzera eman duenez, sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari aurre egiteko protokoloa "oso tresna indartsua" da jokabide matxistekin amaitzeko eta emakumeentzako lan giro segurua bermatzeko. "Prebentzioa eta prestakuntza ditu abiapuntu, guztiok jakin dezagun zer ez den onartu behar. Beste behin ere, urrats garrantzitsua eman dugu gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko bidean", gaineratu du. 

Protokoloa onartzearekin "urrats sendoa" egin dela dio Berdintasun zinegotziak, "emakumeentzako eta jokabide horien eraginpean egon daitezkeen pertsona guztientzako lan-ingurune seguru bat izan dezaten". Halaber, gogorarazi du edozein jazarpen motaren aurrean, "prebentzioaren, prestakuntzaren eta zero tolerantziaren aldeko apustua" egiten dutela. "Izan ere, benetako berdintasuna lortzeko irmotasunez jokatu behar da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide