Beste uda batez, Los 40 Principales irrati katearen udako musika jaialdi ibiltariak geldialdia egin du Zarautzen. Espainiako hainbat artista emergenteren erakuslehio izan nahi du egitasmoak eta, besteak beste, Alvaro de Luna, Paul Thin, La Beba, Beauty Pikete eta Mayo aritu ziren atzo zuzenean malekoian, Dama pareko zabalgunean. Aurten ere, Amaia Jackson eta David Alvarez DJa aritu dira zeremonia-maisu lanetan.
Kontzertuek jende dezente erakarri zuten, adin tarte ezberdinetako herritarrak nahiz bisitariak, eta giro atsegina nagusitu zen gau osoan zehar. Behetik gora egin zuen jaialdiak, eta hasieran horrenbeste ikusle ez bazegoen ere, amaierarako zabalgunea bete egin zen.
Bestalde, Danda Gazte Asanbladak sare sozialen bidez jakitera eman duenez, "Los 40 Summer Liven aurkako aldarria zabaltzea debekatu" zien Ertzaintzak emanaldian. Horrekin batera, pankarta kendu eta asanbladako bi kide identifikatu zituztela gaineratu du. Jaialdiaren bezperan, elkarretaratzea egin zuten Los 40-ri ez! lelopean.
(Argazkia: Danda Gazte Asanblada)