Astelehenean amaituko da udalaren 134 aparkalekuren emakidan izena emateko epea

Ekaitz Etxabe 2025ko uzt. 31a, 11:00

IƱurritzako etxebizitza berrien eremua. (Zarauzko Udala)

Zarauzko Udalak guztira 134 aparkalekuren emakida jarri zuen martxan: 45 Eguneko Zentroko aparkalekuan eta 89 Iñurritza plazako etxebizitza-sustapen berriko bigarren sotoan. Astelehenean amaituko da izena emateko epea.

Duela hilabete inguru zabaldu zuen Zarauzko Udalak Eguneko Zentroko aparkalekuan (Gipuzkoa kalea, 48) eta Iñurritza plazako bigarren sotoan dauden 134 udal-aparkalekuetarako administrazio-emakida prozesuan izena emateko epea. Datorren astelehenean, abuztuaren 4an, amaituko da epe hori.

Aparkalekuak irekiak dira, eta 50 urterako esleituko dituzte, administrazio-emakida bidez. Iñurritzako 89 plazetatik hiru ofizialki aitortutako desgaitasuna duten pertsonei emango zaizkie. Eguneko zentroko aparkalekuen kasuan, 25.000 eurotik 32.000 eurora bitartekoa izango da prezioa, OEZ gabe. Iñurritzako plazen kasuan, berriz, 20.000 euroko prezioa izango dute guztiek, OEZ gabe.

Eskaerak aurkezteko bi modu daude. Batetik, telematikoki, Zarauzko Udaleko erregistro elektronikoan eta, bestetik, aurrez aurre, Herritarren Arretarako Zerbitzuan (Kale Nagusia, 29). Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak atera ondoren, zozketa publiko bidez esleituko dira aparkalekuak. Zozketa noiz eta non egingo den, aurrerago esango du udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide