Los 40 Summer Live jaialdiak geldialdia egingo du aurten ere Zarauzko malekoian. Bihar izango dira kontzertuak, 21:00etatik aurrera, eta Espainiako zenbait artista entzutetsu igoko dira oholtzara. Dama pareko zabalgunean jarriko dute eszenatokia, eta Alvaro de Luna, Paul Thin, La Beba, Suite Seda, Enol, Beauty Pikete eta Mayo artistek kontzertu bana eskainiko dute bertan. Horrez aparte, David Alvarez Los40ko esatari eta DJ ezagunak ere parte hartuko du jaialdian.
Jaialdi ibiltaria da Los 40 Summer Live, eta lehen geldialdia Caceresen (Espainia) egin zuen, uztailaren 13an; azkena, berriz, Vigon (Galizia) izango da, abuztuaren 6an. Orotara, 22 hiri eta herri zeharkatuko ditu musika ekitaldiak, eta Euskal Herriko bakarra izango da Zarautz. Guztira, 35 artistak parte hartuko dute aurtengo edizioan. Xabier Txurruka Zarauzko alkatearen hitzetan, "milaka lagun biltzen dituen jaialdiak" aurten ere "bere lekua" du udako egitarauan. "Aste Nagusiko kontzertuen aurrerapena da ekitaldi hau, eta denok zaudete gonbidatuta oholtza paregabean festa horretaz gozatzera", gehitu du.
Zarauztarrez gain, inguruko herrietako jendea bertaratzea espero dutenez, tren zerbitzuaren berri eman du Zarauzko Udalak. Zehazki, Zumaiara joateko 00:30ean, 01:30ean, 02:30ean, 03:30ean, 04:30ean eta 05:19an izango dira trenak Zarauztik. Donostiara doazen trenak, aldiz, 00:49an, 01:49an, 02:49an, 03:49an, 04:49an eta 05:38an igaroko dira Zarauztik.
Kontrako argazkia, gaur Daman
Jende askoren babesa jasotzen du jaialdiak, baina bada horren kontra agertu denik ere. Zehazki, Danda gazte asanbladak deituta elkarretaratzea egingo dute gaur Daman, 18:00etan hasita, "udalaren aldetik izandako oztopoak eta horrelako jaialdien kontra" egiteko.
Zehazki, Dandak urtero antolatzen du Udanda ekintza sorta, baita aurten ere. Duela bi aste jokatu zuten boleibol txapelketa Desertu Txikian, eta joan den asteburuan egin zituzten futbol txapelketa eta parrillada Astin. Azken ekintza horiek, baina, hautsak harrotu dituzte herrian; izan ere, txapelketa hori antolatzeagatik Zarauzko Udalak 210 euro kobratu nahi dizkiela salatu du asanbladak.
Taldeak sare sozialetan azaldu duenez, "lotsagarria" da irabazi asmorik gabeko eragile bati espazio publikoa erabiltzeagatik kobratu nahi izatea, "are gehiago egitaraua herriko gazteentzat bideratuta dagoenean". Gehitu dute beraiek beti erabili izan dutela Asti, eta ez dutela onartuko orain kobratzen hastea.
Los 40 Summer Live jaialdiarekin lotu dute asanbladakoek gertatutakoa: "Udalak milaka euro gastatzen ditu Los 40 Summer Live bezalako ekitaldietan, eta guri kobratu egin nahi digute". Hori horrela izanda, garbi erakutsi dute beren jarrera: "Udalaren oztopoen eta horrelako jaialdien kontra egingo dugu». Futbol txapelketan bertan jendetza bildu zen gertatutakoaren kontra, baina asanbladak gaurko hitzordua jarri zuen, herritar oro bertaratu dadin.