Istorio pertsonal indartsuak jorratu ditu Ibai Vigil-Escalera zinemagile zarauztarrak An Alien in New York eta The Patchwork Girl film dokumental laburretan. Jose Andre Sibaja costarricarrarekin batera zuzendutakoak dira bi lanak, eta gaur New Yorkeko Scandinavia House aretoan aurkeztuko dituzte jendaurrean. Etapa bat ixteko modurik onena horixe dela irtitzi dio New Yorken bizi den zarauztarrak: "Lan handia eta denbora asko behar izan duten proiektuak dira. Aldi berean, horiek estreinatzeko eta jendeari ezagutzera emateko aukera paregabea da".
An Alien in New York filmak etorkin baten bizipenak kontatzen ditu: bere seme-alabei etorkizun hobea eskaintzeko asmoz, desertua zeharkatzen du AEBetara iristeko. The Patchwork Girl filmak, berriz, Nati Adamosen istorioa kontatzen du; osasun arazo bat dela eta, protagonistak 70 ebakuntza baino gehiago izan ditu, osasun sistemaren inolako babesik jaso ez duen herrialde batean. "Guk arreta osoa jartzen dugu pertsona hauetan eta haien bizipenetan. Nahi duguna da ikusleek euren ondorioak ateratzea, baina argi dago istorio hauek gizarteak albo batera utzi dituen pertsonen errealitatea islatzen dutela", azaldu du Vigil-Escalerak. "Bizi dugun testuinguru sozialak baldintzatutako kontakizun pertsonalak dira".
"Lanerako trabak"
Vigil-Escalerak duela hamar bat urte ezagutu zuen Nati Adamos, The Patchwork Girl dokumentaleko protagonista. Beldurrezko proiektu batean ari ziren lanean Sibaja eta biak, eta berehala geratu ziren liluratuta. "Natik betidanik izan ditu lanerako trabak bere itxura dela eta. Lan eskaintza askotara aurkeztu izan da, baina aurrez aurreko elkarrizketara iristean, ez zuen lana lortzen. Azkenean, zirkuan freak show munduan lan egiteko aukera sortu zitzaion gaztetan, eta urte askotan hori izan zen bere diru iturri eta sostengu nagusia".
Gaur egun, biokimikako lizentziaduna da eta ospitale batean egiten du lan, ikerketa arloan. Hori dela eta, bere lana garatzeko, eskularruak erabili behar ditu. "Bere anomaliengatik neurrira egindako eskularruak behar ditu, eta Txinan aurkitu zuen horiek fabrikatzen zituen gunea. Baina Trumpek berriz boterea eskuratzearekin eta murrizketekin, bere lanpostua galduko duen beldur da. Bestalde, oinean ebakuntza egin beharko diotela dirudi, baina osasun sistema publikoarekin, egoera zail batean ikusten du bere burua", kontatu du zarauztarrak.
Proiektua duela urte batzuk hasi ziren filmatzen, baina aurrera eramatea ez dela batere erraza izan aitortu du, batik bat Adamosen prestutasunagatik. "Urte hasieran, bere egoera prekarioa ikusita, Natik berak adierazi zuen dokumentala amaitu nahi zuela. Hala ere, bere istorioa kontatzea eta bizi duen arazo soziala erakustea garrantzitsua iruditzen zaio, jendeak bere egoera ulertu eta laguntza jaso dezan".
Migranteen istorioa
An Alien in New York dokumentalak, bien bitartean, Mexikotik AEBetara iritsi den migrante baten istorioa kontatzen du. Bomba ezizena jarri diote filmerako, bere izena ezkutuan mantentze aldera. Kasualitatez ezagutu zuten protagonista, beste proiektu baterako migranteak elkarrizketatzen ari zirela. "Guztiz ireki zitzaigun; hark esandakoaren arabera, nolabait ere, lehen aldiz sentitu zuen norbaitek bere bizitzarekiko benetako interesa zuela".
Jasotako testigantzak oso gogorrak izan zirela dio Vigil-Escalerak, eta momentu batzuetan ezin izan ziela "malkoei eutsi". Lanean ari ziren proiektu hura aurrera ez zihoala ikusita, Sibajak eta biek erabaki zuten Bombaren istorioa beren kabuz filmatzea. "Berekin genuen konplizitateari eta konfiantzari esker, oso gertuko istorioa jaso genuen. Istorioa oso pertsonala izanda ere, unibertsala da: askoren istorioa da, hona –AEBetara– bizitza hobe baten bila etorri diren migranteena".
Gaurko aurkezpenaren ondoren, An Alien in New York jaialdien zirkuituetara bideratuko dute zuzenean. The Patchwork Girl dokumentalari dagokionez, plataforma digital batekin negoziazio prozesuan ari dira une honetan. "Edozelan ere, gure helburua, une honetan, istorio hauek jendeari ezagutaraztea da. Berdin zaigu plataforma batean, jaialdietan edo zuzenean Interneten zabaltzen diren", aditzera eman du.