Mara Monasteriok Europako txapelketa jokatu du asteburuan

Ekaitz Etxabe 2025ko uzt. 29a, 12:00

Balentziaga, Monasterio eta Urkiola, beraien entrenatzaileekin Europako Halterofilia txapelketan. (ZKE Halterofilia)

Halterofilo zarauztarrak 15 urtez azpiko Europako txapelketa jokatu du Madrilen asteburuan. Sailkapen orokorrean zortzigarren postua lortu zuen Monasteriok, eta bost kilora geratu zen domina lortzeko.

Mara Monasterio halterofilo zarauztarra 15 urtez azpiko Europako Halterofilia Txapelketan lehiatu da asteburuan. Txapelketa Madrilen ari dira jokatzen, eta larunbatean izan zen Monasterioren txanda. 55 kiloz azpiko kategorian lehiatu zen zarauztarra. Kolpe bakarreko modalitatean 60 kilo altxatu zituen, eta bi kolpekoan 75 kilo, bere aurreko marka 10 kilo hobetuz.

Emaitza horiekin, zazpigarren postua lortu zuen kolpe bakarreko modalitatean, bederatzigarren postua bi kolpeko modalitatean eta zortzigarren postua sailkapen orokorrean. Monasterio bost kilora geratu zen domina lortzeko. Gainera, Euskadiko marka berriak ezarri ditu lortutako emaitzekin.

Monasterio izan da nazioarteko txapelketa batean parte hartu duen ZKE Halterofiliako lehen atleta. Bihar Ainhoa Urkiolaren txanda izango da eta, etzi, berriz, Alex Balentziagarena; biak 15 urtez azpiko Europako Txapelketan lehiaktuko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide