"Udalaren oztopoen eta Los 40 Summer Live bezalako jaialdien kontra egingo dugu"

Mireia Galarza Bastida 2025ko uzt. 28a, 12:00

Astin Los 40 Summer Live ekimenaren aurka egindako argazkia. (@danda.zarautz)

Zarauzko Udalak 210 euro kobratu nahi dizkiola salatu du Danda gazte asanbladak, Astin futbol txapelketa antolatzeagatik. Taldeak salatu du, beraiei ez bezala, Los 40 Summer Live bezalako ekimenei "erraztasun guztiak" jartzen zaizkiela, eta horregatik, gertatutakoaren kontra elkarretaratzea deitu dute asteazkenerako. Daman izango da, 18:00etan. 

Danda gazte asanbladak urtero antolatzen du Udanda ekimen sorta, baita uda honetan ere. Duela bi aste jokatu zuten boleibol txapelketa Desertu Txikian, eta asteburu honetan egin dituzte futbol txapelketa eta parrillada Astin. Azken ekintza horiek, baina, hautsak harrotu dituzte herrian; izan ere, txapelketa hori antolatzeagatik Zarauzko Udalak 210 euro kobratu nahi dizkiela salatu du asanbladak. 

Taldeak sare sozialetan azaldu duenez, "lotsagarria" da irabazi asmorik gabeko eragile bati espazio publikoa erabiltzeagatik kobratu nahi izatea, "are gehiago egitaraua herriko gazteentzat bideratuta dagoenean". Gehitu dute beraiek beti erabili izan dutela Asti, eta ez dutela onartuko orain kobratzen hastea. Los 40 Summer Live ekimenarekin lotu dute asanbladakoek gertatutakoa: "Udalak milaka euro gastatzen ditu Los 40 bezalako ekimenetan eta guri kobratu egin nahi digute". Hori horrela izanda, garbi erakutsi dute beren jarrera: "Udalaren oztopoen eta horrelako jaialdien kontra egingo dugu". 

Asteazkenean, Daman

Futbol txapelketan bertan jendetza bildu zen gertatutakoaren kontra, baina asanbladak beste hitzordu bat ere jarri du Daman asteazkenean, 18:00etan hasita. Bertan, Los 40-ri ez! lelopean, herriko eragile nahiz norbanakoak bildu nahi dituzte gertatutakoa salatu eta jaialdiaren kontra egiteko: "Horrelako jaialdietara udalak diru partida handiak bideratzen ditu, azpiegitura erraztasun guztiak jartzen zaizkie, eta Zarautz mundu eta Espainia mailako turismoaren erakusleihoan jartzen dute". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide