Mario Mendez eta Candela Sanchez nagusitu dira Zarautz-Mollarri-Zarautz proban

Intza Trula 2025ko uzt. 26a, 19:45

Mendezek Mateo Garciarekin batera zeharkatu du helmuga, eta marka berria ezarri du, 01:00:38ko denborarekin. Sanchezek, berriz, bosgarren aldiz irabazi du Zarautz-Mollarri-Zarautz igeriketa proba. Horrez gain, kirol egokituko bi proba ere jokatu dituzte, 400 eta 800 metrokoak.

Zeru ilunarekin esnatu da gaur Zarautz, eta euri apur bat ere egin du goizean zehar; ordea, arratsaldean hobera egin du eguraldiak, eta giro bikainarekin jokatu dute V. Zarautz-Mollarri-Zarautz igeriketa proba. Gizonezkoetan Mario Mendez izan da txapelduna, eta emakumezkoetan Candela Sanchezek eskuratu du lehen postua. Urtero legez, jende mordoa bildu du Zarautz Balea Igeriketa Taldeak antolatutako probak.

270 lagun inguru uretaratu dira gaur moilan, eta 5.000 metroko ibilbidea egin behar izan dute itsasoan barrena. Probaren zati handi bat elkarrekin egin dute igerilariek, sakabanatu gabe, baina Mollarrira heldu ostean zazpi laguneko talde bat jarri da aurretik.

Hain zuzen, multzo horretatik aldendu da amaieran Mendez, eta berarekin batera egin du Mateo Garciak. Elkarrekin sartu dira moilara, herritarren txalo eta oihu artean, eta lehia estu-estua izan dute amaierara arte. Batera zeharkatu dute helmuga, nahiz eta Mendezek zertxobait lehenago egin duen. 01:00:38ko denboran amaitu du proba irabazleak, eta horri esker iaz Santiago Gutierrezek jarritako marka hautsi eta errekorra egin du –01:00:43,18ko denbora egin zuen iaz Gutierrezek–. Gizonezkoen podiuma osatu du Alejandro Pueblak, 01:02:54ko denbora eginda.

Sanchezek bosgarrena

Emakumezkoei dagokienez, Sanchezek bosgarren aldiz irabazi du Zarautz-Mollarri-Zarautz proba. 01:05:41ko denborarekin egin du aurten, eta bere atzetik heldu da Claudia Giralt, 01:08:28ko denboran. Emakumezkoen podiuma osatu du Laura Rodriguezek, helmuga 01:08:56ko denboran zeharkatu ostean.

Kategoria horiez aparte, aurten estreinakoz kirol egokituko bi distantzia jokatu dituzte: 400 eta 800 metroko proba bana, hain justu ere. Lasterketa horien emaitzak aurrerago jakinaraziko ditu antolakuntzak. Halaber, desgaitasun maila baxuagoa dutenek proba nagusian parte hartu dute.

Zarauztarretan, berriz, iazko garaipena errepikatu du Zarautz Balea Igeriketa Taldeko kide Unai Agirrek (01:08:57), eta emakumezkoetan bizkorrena Irene Ansorregi izan da (01:21:15).

Hemen ikus daiteke sailkapen orokorra osorik.

Bihar zeharkaldia

Asteburua borobiltzeko asmoz, Getaria-Zarautz zeharkaldi klasikoa jokatuko dute bihar. 11:00etan abiatuko igerilariak Getariako portutik, eta Zarauzko hondartzan izango dute helmuga.

Lehenago, 11 eta 14 urte bitarteko igerilari gazteek 400 eta 800 metroko probetan parte hartzeko aukera izango dute. 10:00etan, 400 metro egingo dituzte igerian, portutik irtenda; eta 10:15ean, 800 metroko ibilbidea egingo dute, hondartzatik abiatuta. 


Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide