Santa Klarako birgaitze energetikoaren proiektua onartu dute

Aritz Mutiozabal 2025ko uzt. 23a, 14:10

Santa Klara komentua, Amalur parketik. (Aritz Mutiozabal)

Uranga Royo Ur Arquitectura S.L.P. enpresak idatzitako proiektuari argi berdea eman zioten atzoko udalbatzarrean; EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu zuten, eta EH Bildu abstenitu egin zen. Obrak esleitzeko pleguak onartu zituzten, baita lizitaziora ateratzeko deialdia ere. 5 milioi euroko aurrekontua (BEZ barne) izango dute obrek.

Santa Klara komentuaren birgaitze energetikoaren proiektua onartu zuten atzo arratsaldean, udalbatzarrean. Udal Gobernuko bi alderdien –EAJko eta PSE-EEko zinegotzien– aldeko botoekin egin zuen aurrera puntuak; EH Bildu, ordea, oso kritiko agertu zen gaiarekin, eta ematen ari diren pausoekin konforme ez badago ere, abstenitu egin zen.

Uranga Royo Ur Arquitectura S.L.P. enpresak idatzi du proiektua, eta 5.050.278,98 euroko aurrekontua izango dute (BEZ barne) obrek. Era berean, birgaitze energetikoko obrak esleitzeko administrazio klausulen eta baldintza teknikoen agiriak araudia onartu zuten. Baita kontratu hori adjudikatzeko tramitazio arrunteko prozedura irekiaren deialdia egitea ere. Kontratua ordaintzeko zenbateko hori aurrekusita dago aurtengo udal aurrekontuan, eta zehaztu behar da diruz lagundutako obra bat dela, hau da, 3 milioi euro Europar Funtsetatik datorrela. Halaber, udalak konpromisioa hartu du hurrengo ekitaldiko aurrekontuan behar adina kreditu bermatzeko obra honetara.

Komentuan egingo dituzten esku-hartzeak ondorengoak izango dira: jantzigintza gela eta sukaldea osatzen duten bolumenen eraistea (hegoaldeko bi bolumen txikiena); eraikin nagusian, teilatua desmuntatzea, barruko tabikeak botatzea, arkuen berreskurapena eta egituraren indartzea; patioan lur berria eta estalki arina  jartzea; eta batez ere energia aurrezteko neurri zehatzak hartzea, hala nola fatxada bikoitzak jartzea, isolamendu berriak ipintzea, eta leiho zein ate guztien berritzea.

Kontziliazioari arreta

PSE-EEren udal taldeak eraikinaren birgaitze energetikoaren alde dagoela azaldu zuen, "nahiz eta hasieran proiektu nagusiaren inguruan geure desadostasuna adierazi". Europar Funtsetatik jasotako dirulaguntza baliatu ahal izatea zarauztarrentzat "ona" dela iritzi dio sozialisten bozeramaile Inaxio Illarramendik, "espazioaz hobeto gozatzeko". Aitzitik, PSE-EEk ez du bat egin pleguak zehazterakoan hartutako hainbat erabakiekin.

"Uste dugu udaleko beste departamentuekin lankidetza egon behar zuela, eta ez halakorik izan. Berdintasun sailari ez zaio inolako kontsultarik egin pleguak egiterakoan", nabarmendu zuen Illarramendik. Kontziliazioari arreta eskasa eta emakumearen presentzia sustatzeko saiakera txikia egon dela iritzi diote sozialistek, eta hurrengorako kontuan hartzeko eskatu zioten EAJri, "dagokion tokia eman behar zaiolako".

"Galdera asko"

EH Bilduko zinegotzi Ainhize Larramendik berretsi egin zituen pleguari buruz Illarramendi esandakoak. Baina bere hitz hartzea zorrotzagoa izan zen, eta ez zuen atzean utzi nahi izan komentuaren proiektuak azken urteetan izan duen bilakaera kronologikoa, baita aurrekontu aldaketak ere. 2023an egindako hasierako proiektuak 8,6 milioi euroko aurrekotua izatetik, urtebetean hirukoiztu eta 24 milioi izatera pasatu zela gogoratu zuen, eta urte honen hasieran bertan behera uztea erabaki zutela. Maiatze udalbatzarrean, ordea,1,4 milioi euroko kreditu aldaketa onartu zuten, eta komentuaren birgaitze energetikoa aldaketa horren "proiektu berria" dela adierazi zuen Larramendik.

Proiektuaren arabera, 28 asteren buruan gauzatuko dituzte obrak,  eta, beraz, 2026ko martxoa amaierarako bukatuta egotea aurreikusten dute. Gainera, aipatu aurrekontuari proiektuaren zuzendaritza kostua –260.000 euro– gehitu behar zaiola zehaztu zuen koalizioak: "Proiektu berriaren kostua 5.310.279,10 eurokoa izango da". Hori horrela, Santa Klarako proiektuaren ibilbidea ikusita, zalantzazko "galdera asko" sortzen zaizkiela azaldu zuen Larramendik: aurrekontua ez ote den berriz hirukoiztuko, Europar Funtsetako dirulaguntza osorik jasoko ote den eta egin beharreko obrak zehaztutako epetan gauzatuko ote diren.

EH Bilduri ez zaio "batere gustatu" gobernuak nola landu duen gaia, "seriotasun gutxikoa" eta "herritarrei begira gardetasunik gabekoa" iruditu baitzaie. "Eraikinaren obraz ari gara denbora guztian. Baina eraikinak ez dira ezer izaerarik ez badute, funtziorik ez badute. Eta oraindik ez dugu kultur proiekturik ikusi", leporatu zien Larramendik. Zentzu horretan, laguntzeko eta ekarpenak egiteko prest agertu zen koalizioa, "Santa Klarako Kultur Faktoria aurkeztu genizuenean bezala". Eraikinaren zati bat birgaitzea lehen pausoa bada ere, oraindik asko dagoela egiteko iritzi dio EH Bilduk, eta abstentitu egin zen.

"Azpiegitura indartsua"

Xabier Txurruka alkateak erantzun zien emandako datuak zehatzak zirela: "Informazio guztia eman genizuen, beraz, badakizuen nola iritsi garen egoera honetara. Beraz, gardenagoa ezin da izan".  Hori esanda, atzera begira jarri zen, duela zortzi urte Santa Klarako mojek komentua Zarauzko herriari saltzeko aukera gogora ekarriz. 2021eko uztailaren 29ko udalbatzarrak erabaki zuen aho batez Santa Klara komentua eta bere lurrak salerosketa bidez eskuratzea. "Zarauzko Udalak 2021eko azaroaren 3an erosi zuen helburu garbi batekin: Zarauzko ondare historikoa eta arkitektonikoa babestea, eta herriari azpiegitura indartsu bat eskaintzea".

Eraikina eraberritzeko finantziazioa lortu bitartean, komentuan herritarren beharrei erantzuteko ekipamendu kultural bat egitea aurreikusi zuten. Hainbat administrazio arlok, gobernu organoek eta herritarrek, lehen inkesta baten bidez, ontzat eman zuten Santa Klara kulturgune bihurtzea. "Beraz, eraberritzeko oinarriko proiektua aurkeztu zuen udalak Europako Next Generation laguntzetara, eta lortu  egin genuen", gogoratu zuen Txurrukak.

Ondoren, eraikinaren esku-hatzea egiteko ordua iritsi zela esanez jarraitu zuen, eta horretarako beharrezkoa zela eraikinaren edukia zehaztea.Hala, 2023an Santa Klara Lab parte hartze prozesua burutu zuten, herritarren eta kultur eragileen iritziak jasotzeko. "Prozesuan jasotako irizpideak hartu ziren oinarri gisa, 2024ko proiektua ontzeko. Bien bitartean, zuek aurkeztu zeniguten proiektuak ez du sekula aurrekonturik izan. Inoiz ez diguzue esan zer zenbatekoz hitz egiten ari ginen, proiekturik ez daukazuelako. Aurrekonturik ez duenak ez du sekula hankarik sartuko".

Alkateak EH Bilduri egotzi zion "badaezpada ere, abstentzioaren bidea" hartzen zuela beste behin, "ez ote zaien ongi aterako, ez ote dituzten epeak beteko, ez dituzte Europar Funtsak baliatuko..." bezalako argudioekin. Edonola ere, eskertu egin zien modu horretara bozkatzea kontrara bozkatu ordez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide