Zarauzko Udala lanean ari da herriko kaleko katu kolonien ongizatea hobetzeko. Horretarako, CES metodoa ari da erabiltzen, udalaren ustetan bide eraginkorrena eta errespetuzkoena baita. Metodo honen arabera, lehenik katuak atzematen dira, ondoren, esterilizatu egiten dira eta, azkenik, askatu.
Inaxio Illarramendi animalien ongizateko zinegotziak adierazi duenez, "ahalegin hori ezinezkoa izango litzateke boluntario-talde baten dedikaziorik gabe; izan ere, boluntario-talde horrek, modu altruistan eta antolatuan, animalia horiek elikatzen eta zaintzen ditu, ezarritako protokoloei jarraituz. Zarauzko Udalak publikoki eskertu nahi ditu bere lana eta konpromisoa, funtsezkoak baitira katuen ongizatea bermatzeko eta gure udalerrian bizikidetza harmonikoa bultzatzeko".
Zarauzko Udalak beraien baimenik gabe, "katuak, usoak eta beste edozein animalia bide publikoan elikatzea debekatuta dagoela" gogorarazi du. Izan ere, kontrolik gabeko elikadurak "osasun arazoak" sor ditzake, "bizikidetzari" eragin diezaioke, eta "kolonien kontrol egokia" zaildu dezake. Horrez gain, bide publikoan abandonatutako animaliak jaso, eta udaltzaingoaren bulegoetara eraman behar direla ere gogorarazi du Zarauzko Udalak.
Proiektu honekin bat egin, eta Zarauzko kaleetako katuei modu arduratsuan lagundu nahi izanez gero, animaliak@zarautz.eus helbidera idatzi beharko da.