Zarauzko Udalak saio informatiboa eskainiko du asteazkenean LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren barruan Zarauzko malekoian egin asmo dituzten ekimenen inguruan. Udalak Girder Ingenieria eta Wer Ingenieria Hidraulica y Maritima enpresek osaturiko aldi baterako enpresa elkarteari esleitu dio proiektua lehiaketa bidez. Baina, proiektuaren idazketarekin hasi aurretik, herritarrei zuzenduriko aurkezpen saio irekia antolatuko dute, esku-hartzearen nondik norakoak eta aurrerantzean emango diren pausuoen berri emateko. Modelo aretoan izango da, 19:30etik aurrera.
Ekitaldian zehar, udal teknikariek, Ihobe Ingurumen Hobekuntzako ordezkariek eta proiektua idazteko ardura duten aldi baterako elkarteko kideek emango dituzte azalpenak. Horiez gain, Zarauzko Udaleko zein Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasun saileko ordezkariak ere izango dira. Bertaratzen diren herritarrek, gainera, dituzten zalantzak eta kezkak azaltzeko aukera izango dute, baita ekarpenak zuzenean egitekoa ere.
Saiora joaterik ez duten herritarrek ere beren proposamenak helarazi ahal izango dituzte online bidezko inprimakia beteta. Zarauzko Udalaren webgunean zein sare sozialetan emango dute aipatu inprimakiaren berri, informazio saioaren ondorengo egunetan.