Zarauztarrek ere euskararentzat justizia eskatu dute

Onintza Lete Arrieta 2025ko uzt. 19a, 14:03

Gaur eguerdiko elkarretaratzearen une bat. (UEMA)

UEMAk deituta ia 100 udal eta milaka herritar atera dira gaur eguerdian kalera, Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epaia salatzera eta euskararentzat justizia eskatzera. Zarautzen herritar ugari bildu da, tartean baita EAJko eta EH Bilduko udal ordezkariak eta UKUEkoak ere.

Gaur eguerdian euskararen aldeko mezu argia helarazi dute Zarautzen dozenaka herritarrek: euskararekin bat egiten dutela eta euskararentzat justizia eskatu dituzte. UEMAk eta udalek deituta, 12:00etan udaletxeen aurrean egin dituzte elkarretaratzeak ia 100 herritan, tartean Urola Kostako guztietan Aian izan ezik.

Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota ditu aste honetan, eta UEMAk epaia salatzeko eta euskararentzat justizia eskatzeko deia egin zuen herenegun, udalerri euskaldunetan gaur eguedirako elkarretaratzeak deituta. UEMAko kide diren 118 udaletatik ia 100 udalek heldu diote presazko deialdiari, eta kalera atera dira. Azken epaia salatzeko kartelak erakutsi dituzte, euskarak benetan aurrera egin dezan lege berria behar duela aldarrikatzearekin batera.

Zarautzen Lege Zaharren Enparantzan izan da elkarretaratzea, eta euskararen aldeko kartelez josi dute plaza herritarrek; Ikurrinaren bat ere eraman dute. Herritarren artean izan dira EAJko eta EH Bilduko udal ordezkariak –atzo ohar bateratua plazaratu zuten gaurko deialdiarekin bat eginez–, baita UEMAko zuzendaritzako kide Irune Urbieta udal zinegotzia eta UKUEko Ion Arozena lehendakaria ere.

Alderdiei eskaera zehatza

Martin Aramendi UEMAko lehendakaria Ataungo elkarretaratzean izan da, bertako alkatea baita, eta han egin ditu adierazpenak UEMAren izenean. Deialdiarekin bat egin duten udal, erakunde, euskara elkarte eta milaka herritarrei eskerrak eman dizkie, eta egoeraren larritasuna ikusita euskarak benetako babesa behar duela nabarmendu du: "Euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu nahi izan dute beste behin ere, euskararen ofizialtasuna bera eta azken hamarkadetako hizkuntza politika auzitan jarriz. Epaia larria da, eta behar zuen berehalako erantzuna. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiet UEMAren deialdiarekin bat egin duten udal, euskara elkarte, euskalgintzako eragile, alderdi eta gainerako guztiei, eta batez ere gaur kalera atera diran milaka herritarrei".

Aramendiren hitzetan, "egoeraren larriak adostasun sendoetara heltzea eta euskara benetan babestea eskatzen du, aurrera egiteko ezinbestekoa baitugu benetako lege babesa. Horretarako deia egiten diegu alderdiei, euskarak eta euskaldunok bigarren mailakoak izateari utzi eta benetako justizia merezi baitugu. Badakigu, ildo horretan, euskalgintza, hainbat alderdirekin eta eragilerekin datorren asterako mobilizazio berriak prestatzen ari dela. UEMAk horiekin bat egingo du, eta udalei eta herritarrei ere dei egiten diegu ondoan izan ditzagun gaur bezala, gure eskubideen defentsan".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide