PSE-EE desados Alde Zaharrean hamabost apartamentu turistiko egitearekin

Aritz Mutiozabal 2025ko uzt. 19a, 10:00

Zarauzko Alde Zaharra. (Guka)

Tokiko Gobernu Batzarrean erabaki dute obrarako eta jarduerarako lizentzia ematea Patxiku kaleko eta Herrikobarrako lokala banari. Zarauzko sozialisten ustez, "sakoneko hausnarketarik gabe" ezin daa etxebizitza eta apartamentu turistikoetarako lizentziarik ematen jarraitu.

Zarauzko PSE-EE udal taldea desados agertu da asteleheneko Tokiko Gobernu Batzarrean EAJk hartutako erabakiarekin. Sozialistek jakitera eman dutenez, Alde Zaharreko bi lokali –Patxiku kalea 8 eta Herrikobarra 3 zenbakidunei– obrarako eta jarduerarako lizentzia eman die, hamabost apartamentu turistiko berri gaitzeko.

PSE-EEren esanetan, jeltzaleek hartutako erabakiak "bete-betean egiten du talka" apirileko udalbatzarren onartu zen mozioarekin. "Mozio horretan, Zarauzko apartamentu turistikoen hazkundea arautzeko eta mugatzeko beharra adierazten zen, jada jasanezintzat jotzen den egoera baten aurrean dagoelako".

Udaleko sozialisten bozeramaile Inaxio Illarramendik azaldu du aipatu lizentzia geroratzeko eskatu zuela, eta, horrekin batera, lizentzia berriei buruzko "eztabaida politiko serio bat" irekitzeko, "tokiko merkataritzan, turismo-ereduan eta auzo-bizikidetzan duen eragina zorrotz aztertzeko". Bere proposamena "ez entzuna" izan zela atsekabetu da Illarramendi.

Gehien hazi den udalerria

EIN Estatistikako Institutu Nazionalak jasotako datuak jarri nahi izan ditu mahai gainean PSE-EEko bozeramaileak. Horiek kontuan hartuta, azpimarratu du Zarautz dela azken bi urteetan Gipuzkoa osoan etxebizitza turistikoen kopuruan gehien hazi den udalerria. "2022an 160 etxebizitza izatetik 2024an 215 izatera igaro gara, hau da, % 34ko igoera izan dugu. Horrek esan nahi du bizitegi-etxebizitzak nabarmen desplazatzen direla eta prezioen gaineko goranzko presioa dagoela", arrazoitu du.

Hori horrela, argi du "sakoneko hausnarketarik gabe" ezin dela etxebizitza eta apartamentu turistikoetarako lizentziarik ematen jarraitu, "tokiko merkataritzaren eta etxebizitza erregularraren aurka baitoa hori". Zentzu horretan, PSE-EEk  "eredu orekatu, iraunkor eta bidezko" baten aldeko konpromisoa duela nabarmendu du, "non etxebizitzarako eskubidea eta tokiko merkataritza espekulazioaren gainetik dauden".

Beraz, gobernukideei beren jarrera "berriz aztertzeko" eta gaiari buruzko eztabaida politikoa lehenbailehen irekitzeko eskatu die, "euste-neurriak ezartzeko"; etxebizitza eta apartamentu turistikoen lizentzia berrien etetea barne.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide