Zarautzen jokatuko da bihar eguerdian KAE 1 ligako zazpigarren jardunaldia, eta Gesalaga Okelan Bandera izango dute jomugan sailkapeneko lehen postuetan dabiltzan traineruek. Horien artean, nola ez, Enbatako gizonezkoek. Erlojupeko estropada jokatuko dute, lau luzetara, 12:00etan hasita, eta bi kale jarriko dituzte proba gauzatzeko.
Asteazkenean aurkeztu zuten bandera Gesalaga Okelan enpresaren Marmarra dendan, eta bertan izan ziren Zarautz Arraun Elkarteko lehendakari Nagore Arrutik, Aitor Elizondo eta Manex Otaegi arraunlariak, Xabier Txurruka alkatea, Inaxio Illarramendi Kirol zinegotzia eta enpresako ordezkariak.
"Eguraldi txarra espero da, beraz, polita izango da ikusteko", azaldu du ZAEko lehendakariak. Zarauzko itsasoa berezia da, eta lehia bermatuta egon ohi da. Etxeko taldeari dagokionez, joan den astean "apur bat jaitsi" zirela dio Arrutik, baina "orokorrean, pozik gaude egiten ari diren denboraldiarekin, postu onean manten ari baitira sailkapenean". Hori defendatzera joango direla nabarmendu du, nahiz eta jakin ez dela liga erraz izango, ontzi indartsuak daudelako tartean.
Herriko estropadan, beharbada, erantzukizun gehiago dagoela dirudi. Hori horrela, "itxaropentsu" daudela aitortu du lehendakariak: "Izan dira estropadak goiko oilar horiei irabazi zaiena, bada, ilusioa ez da inoiz galtzen. Gainera, etxean jokatzea beti da politagoa. Edonola ere, presiorik gabe uretaratuko gara. Gure asmoa da ahal dena egin eta disfrutatzea, itsasoak asko baldintzen duelako guztia".
"Presioa baino, hazi"
Aitor Elizondo arraunlariak ez du ikusten taldeak erantzukizun gehiago duenik estropada etxean jokatzen duelako. Alderantzizko sentsazioa du: "Errazagoa da guretzat. Leku polita da, gustukoa dugu arraun egiteko, eta horrek presioa sorrarazi baino gehiago, hazi egiten gaitu". Joan de asteburuan ez zitzaizkien gauzak nahi bezala atera, eta kontziente dira horretaz: "Hori zuzendu nahiko genuke, zalantzarik gabe".
Herriko zaleen berotasunarekin indartsua sentituko direla dio Elizondok: "Etxean jokatzeak harrotasun puntu bat ematen dizu, nolabait ere, ukitu egiten zaitu. Eta, dudarik gabe, gozatzeko motibo bat da. Beste toki batzuekin alderatuta, nahiago hemen". Bandera lortzea "posible" dela eta "hitz potoloak" direla esan du, biak parez pare jarrita: "Guk geure lana egingo dugu, eta ondoren ikusiko dugu zer gertatzen den".
Zarauztik Getariara bidean, bi tunelen artean dagoen norabide aldaketako gunean, epaileentzako eremuan, bere postua jarriko du ZAEk, eta bertan aurtengo elastikoak, zapiak edota materiala eskuratzeko aukera izango dute bazkideek zein zaleek.