Lagunartekoa jokatuko dute bihar Euskadiko eta Eslovakiako saskibaloi selekzioek

Ekaitz Etxabe 2025ko uzt. 17a, 11:30

Euskadi-Eslovakia partidaren aurkezpena. (Ekaitz Etxabe)

Aritzbatalde kiroldegian izango da emakumezkoen saskibaloi selekzioen arteko partida, 19:30ean. Euskadiko taldea 21 urtez azpikoa izango da eta, Eslovakiakoa, berriz, 20 urtez azpikoa.

Punta-puntako saskibaloi partidaz gozatzeko aukera izango da bihar, 19:30etik aurrera, Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian. Hain zuzen ere, 21 urtez azpiko Euskadiko emakumezkoen selekzioa eta 20 urtez azpiko Eslovakiako emakumezkoen selekzioa ariko dira nor baino nor, saskibaloizaleen eta, oro har, kirolzale guztien gozamenerako. Euskal Saskibaloi Federazioak eta Zarauzko Udalak elkarlanean antolatutako egitasmoa da, eta doako sarrera izango du.

Elkarren aurka jokatuko dituzten bi partidetatik lehenengoa izango da Zarauzkoa; larunbatean berriz neurtuko dituzte indarrak, Beasainen (Gipuzkoa). Bi selekzioek, baina, oso helburu desberdinak dituzte hitzordu horien aurrean. Eslovakiakoek Europako bigarren mailako txapelketa jokatuko dute abuztuaren 2tik 10era, Hungarian, eta partida hauek prestaketa gisa jokatu nahi dituzte. Euskal selekzioak, aitzitik, ez du txapelketarik jokatuko, baina garrantzi handiko partidak izango dira beraientzat ere. "Lehiakorrak izatea oso garrantzitsua izango da guretzat, izan ere, euskal selekzioarentzat oso zaila da nazioarteko aurkariak aurkitzea horrelako partidak jokatzeko. Beraz, komeni zaigu irudi ona ematea datozen urteei begira", adierazi du Mikel Retolaza Euskadiko selekzioko hautatzaileak.

Euskadiko selekzioko jokalariak 21 urtez azpikoak dira, eta Retolazak azaldu duenez, logistika aldetik, data "konplikatuak" dira jokalarientzat, horietako asko AEBetan ari direlako ikasketak kirolarekin uztartzen eta dagoeneko hainbat han daudelako. "Urte bat zabaldu behar izan dugu adin tartea talde lehiakorra osatu ahal izateko, guretzat oso garrantzitsua baita lehiakortasun hori erakustea". Arrazoi horregatik, hautatzaileak esan du ez daukatela eduki ahal duten mailarik "onena". Hala ere, "Bigarren Mailan aritzen diren hiruzapalau jokalari batzea" lortu dute, eta taldea "Lehen Nazional mailan aritzen diren jokalariekin" osatu dute.

Eslovakiarrekin, berriz

Euskadiko selekzioak bi urtean Zarautzen jokatuko duen bigarren partida izango da biharkoa. Duela bi urte 19 urtez azpiko gizonezkoen Euskadiko eta Eslovakiako selekzioak lehiatu ziren. Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziak Euskadiko Saskibaloi Federazioarekin "eskertuta" dagoela adierazi du, "horrelako partidak herrira ekartzeko erakusten duen konfiantzagatik".

Euskadiko Saskibaloi Federazioko zuzendaritzako kide Koldo Arsuagak ere eskerrak eman dizkio Eslovakiako Saskibaloi Federazioari, beraientzat "ez baita batere erraza nazioarteko selekzioak aurkitzea partidak antolatzeko". Hain justu, duela bi urteko esperientziaren ondoren, iaz Bratislavan izan zen Euskadiko gizonezkoen selekzioa. Arsuagak gaineratu du beste hainbat selekziorekin ere ari direla hizketan, datozen urteetan partida gehiago antolatu ahal izateko.

Retolazak, berriz, "oso pozik" eta aukera aprobetxatzeko "gogotsu" daudela nabarmendu du. Adierazi du Zarautz horrelako partidak antolatzeko herri "egokia" dela, bertan dauden azpiegiturengatik. Bestalde, euskal saskibaloiaren sasoi "ona" nazioarteko beste herrialde batzuekin neurtzeko "gogoz" dagoela esan du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide