21 talde lehiatuko dira Zarautz Futsal Cup txapelketan

Aritz Mutiozabal 2025ko uzt. 18a, 11:00

Zarautz Futsal Cup txapelketaren iazko partida bat. (Julene Sorarrain)

Aritzbatalde kiroldegian eta Lizardi kirol aretoan jokatuko dute larunbatean eta igandean, egun osoan zehar. Areto futbola sustatzea du helburu kirol ekitaldiak.

Zarautz Futsal Cup txapelketa jokatuko dute asteburu honetan, Aritzbatalde kiroldegian eta Lizardi kirol aretoan, ZKEko Areto Futboleko atalak antolatuta. Areto futbola bultzatzea du xede txapelketak, eta iazko ekitaldiak izan zuen arrakasta ikusirik, gogotsu heldu diote bigarren edizioari ere. Erantzuna ere halakoxea izan da: 21 taldek eman dute izena lehian parte hartzeko.

Aurtengo edizioak, gainera, berrikuntzak zenbait berrikuntza ditu. Alde batetik, egun osoan zehar jokatuko dituzte partidak, 09:00etan hasi eta 21:00etara arte, eta bestetik, hasierako ligaxkak jokatu ondoren, Kopa eta Liga txapelketetara bideratuko dituzte taldeak, sailkapenaren arabera; azken fase horiek kanporaketa formatuan izango da.

Hasierako ligaxketarako bost multzo osatu dituzte: A multzoa bost taldez osatuta egongo da, eta gainerako laurak (B, C, D eta E), berriz, lau taldez. Multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuak Ligako fasera sailkatuko dira, eta beste guztiak Kopako faserako.

Ligaxkak larunbatean jokatuko dituzte, eta fase finaleko kanporaketak iganderako utziko dituzte. Ligako finala Aritzbataldeko kantxan jokatuko da, 19:20ean; Kopakoa, berriz, lehenago izango da, 18:40ean, joko eremu berean. Sariak banatzeaz gain, zozketak ere egingo dituztela jakinarazi dute antolatzaileek, eta, halaber, parte hartzaile guztiei kamiseta bana oparituko diete. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide