Gertrud Pielhoff eskultorearen erakusketa inauguratuko dute bihar Sanz Enean

Julene Sorarrain 2025ko uzt. 16a, 16:15

Gertrud Pielhoff eskultorearen obra batzuk. (Zarauzko Udala)

Irailaren 21era arte egongo da zabalik, egunero, 18:00etatik 20:00etara.

Zarauzko Udalak Gertrud Pielhoff eskultorearen atzera begirakoa jasotzen duen erakusketa antolatu du, eta bihar zabalduko du Sanz Eneako erakusketa aretoan. Udal ordezkarien eta artistaren seme-alaben presentzian inauguratuko dute mostra, 19:00etan hasita. 

Jatorriz alemaniarra, baina Zarauzko bizilaguna zen Pielhoff. Zeramikak bultzatuta etorri zen herrira 60ko hamarkadan, eta bertara ezkondu zen. Batez ere, 80ko hamarkadan garatu zuen bere alderdi artistikoa, nahiz eta hurrengo bi hamarkadetan ere lanean jarraitu. 

Pielhoffen lana lau sail nagusitan banatu daiteke, hala nola, arkitektura, natura, ontziak eta bolumenak. Eskultorea zeramika teknika menderatzeagatik nabarmendu zen, batez ere esmaltazioan eta prozesu kimikoen eta egosketaren kontrolean. Sanz Eneako erakusketarekin errepasoa egin nahi izan zaio bere ibilbide artistiko oparoari.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide