Udako kontzertua eskainiko du Zarautz Abesbatzak larunbatean

Ekaitz Etxabe 2025ko uzt. 15a, 13:30

Zarautz Abesbatza emanaldi bat eskaintzen. (Zarautz Abesbatza)

Zarauzko Frantziskotarren elizan izango da kontzertua, 21:30ean. Egitaraua hiru zatitan banatu dute, eta kantu mota desberdinez gozatzeko aukera egongo da.

Udako kontzertua eskainiko du Zarauzko Abesbatzak larunbat honetan, 21:30ean hasita, Zarauzko Frantziskotarren elizan. Emanaldia hiru zatitan banatuko dute, bakoitzean kantu mota desberdinak eskainiz.

Sarrera modura, 1615. urtean Gasteiz inguruan Lope de Vega idazleak jasotako maitasun bertso baten doinua abestuko dute. Bertso hau, Jaione Eskudero zuzendariak moldatu zuen Zarautz Abesbatzarako, besteak beste. Zure begi ederrok, Pablo Sorozabalen Maite eta Steve Dobrogoszen Bideak abestiak kantatuko dituzte.

Jarraian, emanaldiko abesti nagusia kantatuko dute. Hilarion Eslava Burlatako semearen Salve Regina RE-n abestuko du Zarautz Abesbatzak, organoaren laguntzarekin. Salve hau 1850. urtean konposatu zuen Hilarion Eslaval, beste hainbat lanen artean. 'RE' tonalitatean eginiko Salve hau Euskal Herriko leku askotara zabaldu da.

Udako kontzertua amaitzeko, beste kantu sorta eder bat prestatu du Zarautz Abesbatzak, beltz espiritualak eta Irlandar kantu folklorikoak tarteko dituena. Josean Pascual musikaria izango dute kontzertu guztian zehar organoan eta pianoan laguntzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide