161 taldek saskibaloi kantxa bihurtu dute malekoia

Ekaitz Etxabe 2025ko uzt. 15a, 11:00

Zarauzko malekoiko 3x3 txapelketako partida bat. (Ekaitz Etxabe)

Pasa den ostegunetik igandera, ZAST Zarauzko Saskibaloi Taldeak antolatutako 3x3 saskibaloi txapelketa jokatu dute, 23. aldiz. Guztira, sei kategorietako txapelketak jokatu dituzte, eta 161 taldek hartu dute parte.

Igandean amaitu zen ZAST saskibaloi taldeak urtero antolatzen duen 3x3 txapelketa. 23. edizioa izan da aurtengoa. Antolatzaileak gustura agertu dira txapelketak izan duen harrerarekin. Gainera, txapelketa herrikoi hau duela egun batzuk zendu zen Esteban Collantes Zarautz Kirol Elkarteko azken 16 urteetako lehendakaria omentzeko baliatu dute antolatzaileek.

Ostegunean hasi zen txapelketa, eskualdeko txikiei zuzenduriko lehiaketarekin. Mutiletan Black Warriors taldea izan zen garaile eta, nesketan, berriz, Uztaiko aingeruak taldea.

Ostiralean, lau txapelketa jokatu ziren. 15 eta 17 urte bitarteko junior txapelketan Manchurron (Ordizia) eta Iraurgi (Azpeitia) izan ziren garaile; mutiletan eta nesketan, hurrenez hurren. Kadete kategorian, berriz, Las Boas taldea (Donostia) izan zen txapeldun mutiletan, eta DAB taldea (Azpeitia) nesketan.

Larunbat goizean infantilen txanda izan zen. Mutiletan Gitzkis (Donostia) izan zen txapeldun, eta nesketan, berriz, Only Girls (Zarautz, Donostia eta Ordizia).

Arratsaldean kuadrillen txapelketa jokatu zuten 36 taldek. Txapelketa aurrera joan ahala, bi kategoriatan banatu zen lehiaketa: batetik, Urrea eta, bestetik, Zilarra. Zilar kategorian Jija taldea izan zen irabazle, eta Urre kategorian Super Mary Bross. Txapelketa giro ezin hobean jokatu zen. Antolatzaileek, beste behin ere, Zarauzko eta inguruko herrietako tabernen zein jatetxeen erantzun ezinhobea goraipatu nahi izan du txapelketako sariak antolatzen eskainitako laguntzagatik.

Igande goizean txikienen txapelketa irekiaren txanda izan zen. Mutiletan Tung Tung Sitoz zarauztarrek irabazi zuten eta, nesketan, berriz, Durangoko neskek.

Aurtengoa, helduen txapelketarekin bukatu zen igande arratsaldean. Eguraldia medio, 18:00etatik aurrera txapelketa Aritzbatalde kiroldegian jokatu behar izan zuten. Garaileak Arrasatetik etorritako Watafaka eta Petisuis zarauztarrak izan ziren.

Guztira 161 taldek hartu du parte, eta ia 700 jokalarik. 25 bat ordu iraun du lehiaketak eta 800 partidatik gora jokatu dira denera.

Antolakuntzak eskerrak eman nahi izan dizkie Zarauzko Udalari, Gipuzkoako Saskibaloi Federazioari, babesle guztiei eta bolondres gisa aritu diren ZAST taldeko 50 heldu zein gazteei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide