Aurten ere Udako Musikaldia antolatu du Zarauzko Udalak. Abuztuan ospatuko da, eta Santa Klara elizara bertaratzen direnek musika klasikoaz gozatzeko aukera izango dute. 37. edizio honetako kontzertuak abuztuaren 1ean, 8an, 22an, 29an eta 30ean izango dira, Santa Klara komentuko elizan, 20:00etan hasita. Oraindik bi aste falta dira Musikaldiari hasiera emateko, baina ostiral honetan jarriko dituzte sarrerak salgai, Modelo Aretoko txarteldegian eta Kutxabanken atari digitalean; 4,15 euroko prezioa izango du sarrera bakoitzak.
Iñaki Bermudez saxojolearen eta Rémi Briffault soinujolearen Munduko kantuak kontzertuarekin emango zaio hasiera abuztuaren 1ean Udako Musikaldiari. Batetik, haizezko instrumentu harmonikoaren eta, bestetik, zurezko haizezko instrumentuaren doinuak eskainiko ditu bikote honek.
Abuztuaren 8an izango da bigarren kontzertua, Anacronia taldearen eskutik. XVIII. mendearen azken hereneko Vienan kokatuko ditu ikusleak beraien Ariana&Mozart: Fiesta en Michaelerhaus kontzertuak. David Gutierrezek (flauta), Pablo Albarracinek (biolina), Marina Lopezek (klabezina), Luis Manuel Vicentek (biola) eta Marc de la Lindek (viola da gamba) osatzen dute Anacronia taldea.
Helix Trioren txanda izango da abuztuaren 22ko hirugarren kontzertuan. Diálogo entre siglos izeneko kontzertua eskainiko dute. Joaquín Turinen, Dimitri Shostakovichen eta Franz Schuberten musika entzuteko aukera izango da, Jaume Angelesen (biolina), Iago Dominguezen (biolontxeloa) eta Paula Belzunegiren (pianoa) eskutik.
Laugarren kontzertua abuztuaren 29an izango da eta Arkaitz Mendozaren piano doinuek eta Ana Nebot sopranoaren ahotsak beteko dute Santa Klara. Tradizioa, poesia eta modernitatea uztartzen dituen emanaldia eskainiko du bikote honek.
Abuztuaren 30ean, Maren Otegi
Etxeko artistaren txanda abuztuaren 30ean izango da. Joan zen urtean bezala, aurtengo Udako Musikaldian ere zarauztar gazte batek emanaldia eskainiko du. Maren Otegi pianojole zarauztarrak, Maria Khachatryan biolontxelojoleak eta Mónica Pérez biolinjoleak osatzen dute Trio Marea, eta hirukote honek izango du aurtengo Udako Musikaldia ixtearen ardura.
Maren Otegik, Zarauzko musika eskolan hasi zituen piano ikasketak, eta Donostiako 'Francisco Escudero' Musika Kontserbatorio Profesionalean jarraitu zituen. Gaur egun, piano klasikoaren interpretazioa ikasten ari da Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan. Hainbat lehiaketatan parte hartu du, hots, Euskadiko Musikari Gazteak eta Andoaingo Piano Jaialdian.
“Ilusio handiarekin jaso nuen Udako Musikaldian parte hartzeko gonbidapena. Zarauztar bezala, herrian jotzeak ilusio handia egiten dit. Guretzat, lan handia egin dugun proiektua da, asko gustatzen zaiguna, eta ilusio handia egiten digu zarauztarren aurrean aurkezteak”, azaldu du Otegik.