LX. Aire Zabaleko Pintura Azkarra Lehiaketa egin dute gaur goizean herrian barna, XXV. Julian Ugarteren oroimenezkoa, Artezaleak elkarteak antolatuta. Parte-hartzaileek 08:15etatik 10:00etara bitartean zigilatu dituzte bakoitzak eramandako mihiseak Ebro Etxean. Mihiseak zigilatu ostean, parte-hartzaile bakoitza Alde Zaharrera edo malekoira abiatu da, lanean hasteko asmotan. 13:00etatik 13:30era bitartean aurkeztu dituzte beraien lanak Ebro Etxean eta, azkenik, sarituak 14:00etan jakinarazi dituzte. Behin sariak banatuta, otordu bat eskaini zaie parte-hartzaile guztiei.
Ongi hausnatu ostean, lehen saria (1000 euro) Jose Luis Lopez portugaletetarrari ematea erabaki du epaimahaiak. Bigarren saria (800 euro) Iban Aranburu beasaindarrak eraman du eta, hirugarrena (500 euro), berriz, Javier Igoa lesakarrak. Gazte saria (100 euro) Ispaster aldera joan da, Paula Arruzaren eskutik.
Jose Luis Lopezek Zarauzko malekoia aukeratu du bere margolana egiteko: "Uste dut malekoia dela Zarauzko leku adierazgarrienetako bat eta, bertan, mugimendua eta paisaia uztartu ditzaket". Lehen saria eskuratu badu ere, hainbat gorabehera izan ditu Lopezek: "Denbora gutxi izan dut margolana egiteko. Ia azkena izan naiz izena ematen, izugarri kostatu baitzait Ebro Etxea aurkitzea. Gero, 12:00etan etorri naiz lana entregatzera, 13:00 zirelakoan. Ez diot buelta askorik eman nire lanari, eta emaitzarekin gustura geratu naiz".