Kolore berdez margotu da gaur Zarauzko Lege Zaharren Enparantza. Bertan, AEA Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren Ikerketaren Aldeko Eguna ospatu dute. Bi urtetik behin antolatzen dute egitasmoa, Adela Gipuzkoa elkartearen ekimenez eta Zarauzko Udalaren laguntzarekin.
Egitarau zabala antolatu dute gaurkoan. Hasteko, Dinbi Banda batukadaren emanaldiak eman dio hasiera egunari. Ondoren, kausa honen alde borrokan diharduten hainbat pertsona omendu dituzte. Omenaldiak amaitzean, txistulari eta erraldoien txanda izan da. Honekin batera, hasiera eman diote tonbolari. Bertan, ehun denda inguruk dohaintzan emandako askotariko produktu zein sariak eskuratzeko aukera egon da: bazkari edo afariak, bizikletak, kirolari desberdinen kamisetak... Bazkariaren aurretik, country dantza tailerra eskaini dute. 14:00 inguruan iritsi da bazkaltzeko unea: paella, edaria eta postrea. Une oro taberna irekita egon da, gerturatzen zirenei jan-edana eskainiz.
Hainbat helbururekin antolatu ohi dute egun hau: batetik, Alboko Esklerosi Amiotrofikoari aurre egiteko gastuentzat dirua biltzea eta, bestetik, gaixotasunaren inguruko kontzientziazioa zabaltzea.