Ongizatearen Plaza ekimenak hartu du asteazken eta ostegunean Zarauzko malekoiko zatitxo bat. Ekimenaren izenak garbi dioen moduan, ongizatearen ertzak lantzea izan da Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako ekimenaren abiapuntu eta helburua. Bertan, osasun fisiko nahiz emozionala nahiz bertakotasuna landu dituzte bi egunetan.
Atzo arratsaldean egin zituzten azken ekintzak, teknologia eta musikarekin lotuak. Hain zuzen ere, Guk 16 taldeko Miren Ros eta Amaia Elorzak mugikorrek eta teknologia digitalaren erabilerak gazteen ongizatean duen eragina jorratu zuten. Horretarako, taldearen aurkezpenaz gain, solasaldi txiki bat ere egin zuten taldea osatzen duten hainbat gurasorekin. Jarraian, ekimenari amaiera emateko, Miren Fernandez, Aitor Furundarena eta Antxon Sarasuaren eskutik, euskal musika herrikoiaz eta euskal kantez gozatzeko aukera izan zuten zarauztarrek.