Aiala eskolak 800 gosari prestatzen ditu egunero behar gehien duten Limako haurrentzat

Ekaitz Etxabe 2025ko uzt. 10a, 11:00

Goizane Alvarez, Ana Priede eta Raul Gonzalez Aiala Ostalaritza Eskolako bisitan. (Utzitakoa)

Gipuzkoa Cooperan parte hartzen du Aialak, eta proiektuaren bilakaera ezagutzeko, ostalaritza eskola bisitatu dute Goizane Alvarez diputatuak eta Ana Priede Lankidetzako zuzendariak.

Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Lankidetza diputatua eta Ana Priede Nazioarteko Lankidetza zuzendaria Aiala ostalaritza eskolan izan dira. Gipuzkoa Cooperan parte hartzen duten zazpi erakundeetako bat da Aiala; Gipuzkoa Coopera duela zortzi urte sortu zen, lankidetzarekin loturarik ez duten Gipuzkoako erakundeak garapen bidean dauden herrialdeetako proiektu solidarioetan inplikatzeko asmoz.

Aialak, Pachacútec fundazioarekin elkarlanean, Perun bultzatutako Comedor Social Convida en Pachacútec proiektu solidarioarekin bat egiten du, eta proiektu horri buruzko xehetasunak ezagutu dituzte Alvarezek eta Priedek. Izan ere, proiektu horri esker, Limako zonalde behartsuenetako batean bizi diren 800 haurrek gosari osasungarria jasotzen dute egunero ostalaritza eskolaren eskutik.

Alvarezek adierazi du Gipuzkoa Coopera bezalako proiektuen alderdirik garrantzitsuena erakunde parte-hartzaileek garatzen dituzten proiektuek laguntzen dieten pertsonen bizitzan "eragin zuzena" edukitzea dela. "Era berean, pizgarri dira proiektu horiek aurrera eramaten dituzten gipuzkoarrentzat, haiek gure lurraldean bertan aldaketaren motor bihurtzen baitira, eta kontzientzia eta justizia sozialeko balioak sortzen laguntzen baitute", gaineratu du.

Ana Priedek, berriz, Gipuzkoa Coopera proiektua lurraldean izaten ari den eragina azpimarratu du: "Programak hasierako aurreikuspenak gainditu ditu erakunde parte-hartzaileentzat, eta bere helburu nagusia lortu du: lankidetzaren berezko helburuekiko konpromisoa barneratzea, eta lurraldeko beste enpresa batzuentzat trakzio-elementu bat izatea garapen demokratikorako lankidetzan".

Proiektu garrantzitsua Aialarentzat ere

Raul Gonzalez Aialako zuzendariak nabarmendu du proiektuak aukera eman diela garapen bidean dagoen herrialde batekin eta bertako biztanleekin "elkarlanean" aritzeko. Gainera, errealitatearen "kontzientziazioa" ere ekarri diela adierazi du: "Proiektu berean jabeen eta langileen arteko batasuna indartu da, lan-giro ona eta ahalegin tekniko, ekonomiko eta humanoak sortuz".

Gipuzkoa Coopera martxan jarri zenetik hartzen ari den esperientziak "asko" suspertzen duela aipatu du Gonzalezek: "Batez ere, gaizki elikatutako gazteei lagundu ahal izatea, ikasketetan egunari energiaz eta indarrez aurre egin ahal izateko. Gogobetetze- eta kezka-sentsazioa da, hein berean. Konturatu naiz justizia sozial eskasa dagoela, baina animatzen nau gazteriarekiko lankidetzan erakunde aktiboa izateak eta aldaketaren eragile izateak".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide