Askorako eman du Ongizatearen Plaza egitasmoko lehen egunak

Mireia Galarza Bastida eta Ekaitz Etxabe 2025ko uzt. 9a, 19:49

Goizean eta arratsaldean askotariko jarduerak egin dituzte Ongizatearen Plaza egitasmoaren barruan. Besteak beste, kirola, buru osasuna edo inklusioa jorratu dituzte.

Goizean goiz eman diote hasiera egunari, Eider Mendozaren prentsaurreko adierazpenekin. Gipuzkoako diputatu nagusiak egitasmoaren nondik norakoak azaldu ditu, eta Ongizatearen Plaza "ongizate integralaren inguruan hitz egiteko eta elkarri entzuteko gune irekia" dela adierazi du.

10:00etan Iñigo Vicens kirol entrenatzailearen txanda izan da. ETBn ematen duten Adinberri saioa zuzenean grabatu dute eta, ondoren, Nahia Zeziaga nutrizionistak eta Naia Ros mindfulness eta estimulazio kognitiboan adituak hartu dute hitza.

Gero, Why Not elkarteak podcast bat grabatu du; hain zuzen ere, buruko osasun arazoak eta desgaitasun psikikoa dituzten pertsonek irrati parte-hartzaile eta inklusibo bat osatzen dute elkarte horren bidez.

Eguerdiko atsedenaren ondoren, 17:30etan heldu diote berriz ere egitasmoari. Bertan, Zarautz Kirol Elkarteko pilotari gazteek beren esperientziak partekatu dituzte Malekoira joandakoekin: taldekideekin duten harremana, pilotak ematen dien segurtasuna, ongizate fisikoa eta emozionala... izan dituzte hizpide. Ondoren, pilota partida bat jokatu dute Frontoi Txikian.

Eguna amaitzeko, Aritz Aranburu surflariaren eta Aitor Frantsesena Gallo surflari eta entrenatzailearen txanda izan da. Aranburu Kind Surf proiektuaz aritu da solasean; izan ere, proiektu horri esker, surfaren bidez egoera zaurgarrian dauden haurrei aukera ematen diete itsasoarekin konektatzeko eta ongizate integrala lantzeko. Frantsesenak, berriz, bere bizipen inspiratzaileak partekatu ditu herritarrekin, eta kirolak bizitzan maila fisikoan, mentalean eta emozionalean oreka bilatzen nola lagun dezaken azaldu du.

Biharko egitaraua

  • 10:00-11:30. Gaztenek egitasmoko nekazari gazteekin topaketa.
  • 12:00-13:30. Jakoba Errekondorekin solasaldi irekia.
  • 18:00-19:30. Altxa Buruarekin saio dinamikoa: sakelako telefonoak eta sentsibilizazioa.
  • 20:00-21:00. Musika saioa: euskal kantak Miren Fernandezen, Aitor Furundarenaren eta Antxon Sarasuaren eskutik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide