Hasi da Ongizatearen Plaza egitasmoa

Gorka Eizagirre eta Ekaitz Etxabe 2025ko uzt. 9a, 13:16

Gaur goizean eman dio Eider Mendoza diputatu nagusiak hasiera egitasmoari Zarauzko malekoian. "Ongizate integralaren inguruan hitz egiteko eta elkarri entzuteko gune irekia da hau", adierazi du.

Hasi da Ongizatearen Plaza. Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak ireki du egitasmoa, Xabier Txurruka Zarauzko alkatearekin batera. Gaur eta bihar, goizez eta arratsaldez, ongizatearen inguruko hainbat jarduera hartuko ditu Zarauzko malekoiak. Besteak beste, ariketa fisikoa, buru osasuna, inklusioa, elikadura jasangarria eta teknoadikzioa izango dituzte aztergai Ongizatearen Plazaren barruan. 

Zarauztarrak egitasmoan antolatutako ekintzetan parte hartzera animatu nahi izan ditu Mendozak; izan ere, herritarren "egoera ekonomikoa ona" bada ere, "errealitate eta arazo sozial berriak areagotzen" ari direla azpimarratu du: “Buruko gaitzak, nahi ez den bakardadea, adikzio berriak, pobreziaren kronifikazioa eta abar areagotzen ari dira".

Mendozak gogorarazi du gipuzkoar herri eta auzoetan "komunitatearen elkargune" direla plazak, "elkar entzuteko, elkarrekin egoteko eta ospatzeko" topagune. Gauzak horrela, Foru Aldundiak Plazak Gipuzkoako beste zenbait herrietara zabaltzeko asmoa erakutsi du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide