Usoa Ostolaza Italiako Giroko podiumera igo da, Vezza D'Oglio eta Trento arteko 122 kilometroko hirugarren etaparen ondoren. Mendiko maillota janztea lortu du, etapa hasieran, Passo Tonale igotzen ari zela erasoa jo ostean. Atzoko helburua "Mendiko maillota lortzea" zela adierazi du Ostolazak eta, behin helburu hori lortuta, "oso pozik" daudela.
Mendiko sailkapenean liderra da Ostolaza, 25 punturekin; Sara Gigante bigarren, hogei punturekin eta Evita Muzic hirugarren hamalaurekin. Sailkapen nagusian, berriz, 46. postuan da Ostolaza. "Egia da sekulako maila dagoela, aurreko 20-25 txirrindulari horiek munduko onenetarikoak dira", aitortu du zarauztarrak.
Gaur maglia azzurra (maillot urdina) soinean ibiliko du Ostolazak, Castello Tesino eta Pianezze arteko 142 kilometroko etapan. "Pozik gaude lortutako sariarekin, beraz, eta orain ilusioz beteta ekingo diogu hurrengo etapei", azpimarratu du.