Maddalen Arzallus: "Gure sustraiari egindako aitortza txiki bat da ziurrenik"

Aritz Mutiozabal 2025ko uzt. 9a, 10:00

Maddalen Arzallus bertsolaria. (utzitakoa)

41. Basarri bertsopaper lehiaketa irabazi du Maddalen Arzallus bertsolariak (Hendaia, Lapurdi, 1990), Santa Mañako alaba zinan bertso sorta biografikoarekin. Etzi jasoko du saria, bertso-despiyuen hasieran, 22:00etan.

Nola jaso duzu saria?

Poz handiz. Gainera, Basarri bertsopaper lehiaketara bertsoak aurkeztu ditudan lehen aldia izan da. Aurten bertso dezente ari naiz idazten, eta erabaki nuen sariketara bidaltzea. Espero ala ez, gustura nengoen nire bertsoekin, baina banekien maila handiko lanak izango zirela, eta sorpresaz eta oso gustura jaso dut saria.

Irabazleak ez dira nolanahikoak izan orain arte. Zu ere bertsolari ezaguna zara. Zentzu horretan, ezustea ere erlatiboa izan da, ezta?

Beno, hori izan daiteke jendeak izan dezakeen ustea. Basarri lehiaketako irabazleen zerrenda ikusiz gero, normalena da tartean bertsolariak izatea. Sona txikiagoa duten bertsopaper sarietan, agian, hain ezagunak ez diren izenak egoten dira. Basarrin, berriz, bertsolari ezagunak eta bertso idazle oso onak izaten dira sarituak. Ez dakit jendeak nola hartuko zuen berria, baina niretzat, behintzat, pozgarria da zerrenda horretan agertzea. Ez dut neure burua bertso jartzaile ontzat hartzen, ez dudalako bereziki horretarako ohiturarik izan. Edonola ere, behin saiatuz gero eta horretan jarri gero, emaitzak lortzen direla ikusi dut.

Andoni Egañak, Nahikari Gabilondok eta Iker Muniainek osatu dute epaimahaia. Aho batez erabaki dute zure bertso sorta dela onena.

Bai, hori esan didate. Banekien epaile oso finak zeudela Basarrin, eta baneukan nire kezkatxoa ere gauza batekin. Izan ere, bertsoak nire amonari buruzkoak dira, betiere datu eta izen konkretuak kamuflatuta. Nolanahi ere, zalantza neukan Andoni Egañarekin, azeria baita eta gai asko kontrolatzen baititu. Baina esan didatenez, guztiz despistatuta ibili da. Ez du harrapatu zeini buruzkoak ziren bertsoak edo zein familiatakoa izan zitekeen protagonista, eta kezka horiek aldenduta, bada, irabazi behar banuen, bertsoengatik irabaziko nuen. Bestalde, nire bertsoak zortziko handian eginak daude, eta ez da formatu ohikoa egungo bertsopaperetan. Banekien horrek diferentzia marka zezakeela, eta hortik aurrera, gustatu ala ez, arreta piztuko zuela.

Santa Mañako alaba zinan da zure bertso sortaren izenburua. Aurreratu duzunez, biografiko samarra da.

Bertsoei izenburu hori jarri diet, eta bertsoen hasierak ere horrela dira. Modu klasikoan idatzita daude. Biografikoa da, baina ez hori bakarrik. Hasiera batean, ezagutu ez nuen aitonari idatzi nizkion bertso batzuk, eta nire asmoa zen hari galderak egitea. Behin aitonari idatzita, amonarentzako ere galderak banituela ikusi nuen: umetan ezagutu nuen bere abilidade osoekin, baina nahiko txikia nintzen alzheimerrarekin hasi zenean. Gauza dezente zeuden amonari buruz ez nekizkienak, eta askok badugu geure aitona-amonei galdera gehiago ez egin izanaren pena hori. Hortik abiatutako bertsoak dira. Aitari galdera batzuk egin nizkion, informazioa edukitzeko, baina ez gehiegi ere, nire asmoa galderak eta buruan neuzkan kezkak planteatzea zelako bertsoen bidez. Beraz, pentsatu nuen aitari informazio gehiegi ateratzen banion, bertsoek muina galduko zutela. Orduan, pozik nago, gerora bertsoak lehengusuekin partekatu ditudalako eta horietan planteatutako galderen erantzunak jaso ditudalako. Horretarako, behintzat, balio izan dit.

Norbere sustraien testigantzak berreskuratzeko ariketa bat izan al da?

Bertsoetan nire esperientzia pertsonaletik abiatzen naiz, eta kasu konkretu bati buruz ari gara. Uste dut, bertso jakin batzuk izatetik haratago, jende askoren errealitatea islatzen dutela. Gutariko asko gatoz baserritik eta gutariko askok ikusi dugu nola galdu diren baserri horiek, baserriko bizitza hori. Bada askoren errealitatearen kronika bat. Kasu honetan, egoera pertsonal batetik abiatzen da, baina jende askoren gertaera da, eta gure sustraiari egindako aitortza txiki bat da ziurrenik.

Behin bertsoak idatzitakoan, zor bat gainetik kitatu izanaren sentipena izan al duzu?

Gure amona alzheimerrarekin ezagutu nuen, eta, orduan, harreman gehiago izan nuen beste amonarekin, aukera gehiago izan nuen hura ezagutzeko eta harekin gozatzeko. Agian, logikoena izan zitekeen harreman gehien izan nuen amonari idaztea bertsoak. Aitzitik, nire aitaren amari omenalditxo bat egiteko modu bat izan da, baita zor bat kitatzeko modua ere. Bizi izan zen garaian hainbeste disfrutatu ez izanaren ondorioz, bada, urte batzuk geroago beregana eta bere memoriarengana bueltatu eta neuzkan oroitzapen eder gutxi horiek gogora ekartzeko ariketa izan da. Alzheimerrarena era sotilean aipatzen da bertsoetan, eta ez dut bereziki horretan jarri nahi izan enfasia, nahiz eta derrigorrean agertzen den.

41 edizio hauetan, Basarri saria lortu duen hirugarren emakumea zara.

Neurri batean ez zait arraroa egin, badakigulako egoera eta historia zein den, baina, era berean, harritu egin nau. Beti pentsatu izan da emakumeak bertsoak idatzi izan dituela ezkutuan, eta bertsopaperak izan daitezkeela horretarako modu erosoago bat. Baina pentsatzen jarriz gero, lehiaketa batera zure zerbait aurkezteko, izan bertsopaper izan ipuin, ausardia puntu bat ere behar da, eta baiezkoak eta ezezkoak jasotzeko barrenak ere prest eduki behar dira. Nik ere nire baitan ikusi dut hori: zergatik ez dut orain arte pausoa eman? Eta segur aski ez da kasualitatea izan. Hirugarrena izan banaiz, pentsatu nahi dut emakume askok parte hartzen ez dutelako izango dela, ze bestela ekitatiboa izango litzateke irabazleen zerrenda. Argi dago oraindik ere emakumeek horrelako lehiaketetan parte hartzeko oztopoak sentitzen dituztela.

Horrez gain, egiaztatu beharko nuke, baina ez dakit Ipar Euskal Herriko beste norbaitek irabazi duen aurrez sari hau. Horrek ere zer pentsatua ematen dit, egia esan.

Erlazionatuak

Badator Bertso Astea

Aritz Mutiozabal uzt 08 Zarautz

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide