Atzo goizean jakitera eman zuten albistea herrian: Zarautz Kirol Elkarteko presidente Esteban Collantes zendu zen oporretan zela. 2008an izendatu zuten ZKEko lehendakari, nahiz eta bera Xake ataleko ordezkaria zen hasieran. Urte hauetan guztietan gogor egin du lan elkarteko atal guztiek aurrerapausoak eman zitzaten, bai formazioan bai lorpenetan.
Atsekabea berehalakoa izan da. Txaparrotan eskubaloi txapelketan minutu bateko isilunea egin zuten finalaren hasieran, eta besoko beltzak ere jantzi zituzten doluminak adierazteko; gainera, Eskerrik asko guztiagatik Esteban zioen kartel bat ere eskegi zuten Desertu Txikiko kiosko batean. ZAEko neskek asteburuko banderen ospakizunean ere ez zuten ahaztu nahi izan Collantesen figura, eta arraunlariek xingola beltzak jantzi zituzten udaletxeko balkoira banderak astintzera irten zirenean.
Xabier Txurruka alkateak atsekabe hitzak izan ditu bere Facebook kontuan, "kolpe latza" izan dela nabarmenduz: "Ez da hilabete Astin elkar besarkatuz, hunkituta, futbol taldearen igoera pozez gainezka ospatzen genuela. Bakegile, beti lasai, beti umoreko, beti elkarlanerako prest. Erraza izan da zurekin lan egitea, lagun".
Era berean, agur eta esker hitzak zabaldu ditu, Collantesek egindako lan eskerga kontuan hartuz. "Zarautzen alde, Zarauzko kirolaren alde, ZKEren alde eta onurarako eman duzun guztiagatik, bihotzez, eskerrik asko, agur eta ohore. Besarkada estu-estua familia osoari, lagun eta lankideei. Ez zaitugu inoiz ahaztuko".