Nadia Erostarbe surflari zarauztarrak irabazi du KwaZulu-Natalen (Hegoafrika) jokatu den Ballito Pro txapelketa, finalerdian Sally Fitzgibbons australiarra eta finalean Yolanda Hopkins portugaldarra kanporatuz.
Orain arte, Erostarbek hirugarren postuak eskuratu ditu Challenger Series zirkuituan, eta gaur estreinakoz lortu du garaipena maila horretako lehiaketa batean.
Fitzgibbonsen aurkako finalerdian maila ona erakutsi dute bi surflariek. Australiarra bizkorragoa izan den arren Ballitoko olatuetan, Erostarbek egin ditu maniobrarik kritikoenak, eta finalera sailkatzea lortu du.
Hopkins portugaldarraren aurka jokatu du azken jardunaldia, baita irabazi ere. Zarauztarrak puntuazio ona lortu du txandaren hasieran, eta bere bigarren olatuan batez besteko puntuazioa eskuratuz, finalaren azken zatian lidergoa berreskuratu du.
Hortaz, garaipena eskuratuta, laugarren postuan jarri da Challenger Series-eko sailkapen orokorrean, eta gainera, J-Bay Open txapelketarako txartela ere lortu du, Championship Tourreko hurrengo probarako.