Azahara Dominguez Foru arduraduna enplegu bereziko zentroan izan zen atzo, Xabier Txurruka alkatearekin batera. Bertan, 75 pertsona enplegatzen dituen eta hazten ari den zentroak egiten duen lana ezagutu ahal izan zituzten. Lore Suarez KL Katealegaiko Lurralde Antolamenduko zuzendari eta administrazio kontseiluko kideak, Pablo Nuñez enpresako zuzendari nagusiak, Jaione Zubizarreta pertsonen arloko arduradunak, Iñaki Iraola arlo tekniko-industrialeko arduradunak eta Beñat Aisa enpresako planta arduradunak ere parte hartu zuten bisitan.
Dominguezek KL Katealegaia enpresaren filosofia, Zarauzko produkzio-zentroan egiten den lana eta lantzen diren industria-proiektuak ezagutzeko aukera izan zuen. Diputatuak adierazi zuenez, "oso garrantzitsua da KL Katealegaia bezalako enpresek egiten duten lana bertatik bertara ezagutzea, funtsezkoa baita gure produktuak mundu osoan zehar espertatzeko eta lurralde lehiakorragoa izateko".
Xabier Txurruka Zarauzko alkateak berriz, KL Katealegaia "garrantzi handiko" enpresa dela azpimarratu zuen: "Lan handia egiten du Zarauzko ekonomia sustatzeko eta pertsona guztien gizarteratzea eta laneratzea bultzatzeko".
Pablo Nuñez KL Katealegaiako zuzendari orokorrak enpresaren "apustua" zein den adierazi du: "KL katealegaiaren apustua desgaitasunen bat duten eta baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonentzat kalitatezko enplegua sortzea da".
Enpresaren gizarte bokazioa
KL Katealegaia interes sozialeko eta irabazi-asmorik gabeko lan-sozietate bat da, bertako kideen jabetzakoa. Enpresaren helburua "pertsonen enplegagarritasuna eta, beraz, bizi-kalitatea hobetzea" da, lankidetzan ari diren industria enpresen garapena "hobetzea" eta "Gipuzkoan gizartearen kohesioa eta aurrerapena bultzatzea".