Salgai jarritako aparkaleku ireki horiek, 50 urterako esleituko dituzte, administrazio-emakida bidez. Iñurritzako 89 plaza horietatik hiru ofizialki aitortutako desgaitasuna duten pertsonei emango zaizkie.
Plazak esleitzerakoan lehentasuna nork izango duen ere zehaztu du udalak. Lehenik, Zarautzen erroldatuta dauden, eta ibilgailu baten jabe izanik, bizikidetza-unitatearen barruan jabetzako edo emakida administratiboko aparkalekurik ez duten pertsonak. Ondoren, Zarautzen erroldatuta dauden, eta bizikidetza-unitatearen barruan jabetzako edo emakida administratiboko aparkaleku-plaza bakarra duten eta bi ibilgailu edo gehiagoren jabe diren pertsonak. Hirugarrenik, Zarautzen kokatzen den jarduera komertzial, profesional edo industrial baten titularrak diren pertsonak. Gero, Zarautzen kokatutako etxebizitzen jabeak direnak eta, azkenik, gainerako interesdunak.
Aparkalekuen prezioak
Eguneko zentroko aparkalekuen kasuan, 25.000 eurotik 32.000 eurora bitartekoa izango da prezioa, OEZ gabe. Iñurritzakoen kasuan, berriz, 20.000 euroko prezioa izango dute guztiek, OEZ gabe.
Interesa izanez gero, Zarauzko Udalaren webgunean edo Zarautz Lur Etxebizitza Bulegoan egongo da deialdiari eta oinarriei buruzko informazioa. Iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta, ordutik, hilabeteko epea egongo da eskaerak aurkezteko. Beraz, izena emateko azken eguna abuztuaren 4a izango da.
Eskaerak aurkezteko bi modu egongo dira. Batetik, telematikoki, Zarauzko Udaleko erregistro elektronikoan eta, bestetik, aurrez aurre, Herritarren Arretarako Zerbitzuan (Kale Nagusia, 29). Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak atera ondoren, zozketa publiko bidez esleituko dira aparkalekuak. Zozketa noiz eta non egingo den, aurrerago esango du udalak.
Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak adierazi duenez, erabaki hau «inguru horretako bizilagunek aparkalekuak eskuratu ahal izatea» eskatu zutelako hartu da, eta «lehentasuna» eman die aparkaleku horiek emateko deialdiari.