San Pelaio jaiak amaitu eta egun batzuetara, "gazte talde batek" bi orga apurtu dizkiela salatu du Iñurritza jai batzordeak sare sozialen bitartez. Idatziaren bitartez kontatu dute sanpelaioetako larunbatean izan zela gertakaria, ekainaren 28an, festen azken egunean, alegia.
"Nahita" egindako zerbait izan zela ere azpimarratu dute gutunean. Izan ere, "airetik bota zituzten orgak". Egileak nortzuk diren badakitela ere jakinarazi dute, "izen-abizen eta guzti" zehaztuz. Horren aurrean, "egindako kalteen ardura" har dezaten eskatu diete gazte horiei. Aitzitik, horrela egingo ez balute, "datozen urteetan auzoko jaietara ez azaltzeko" dei egin diete.
Jaiak "guztionak" direla gogorarazi nahi izan dute Iñurritzako kideek gutunaren amaieran: "Guztion artean zaindu behar ditugu". Ildo beretik, salatu dute horrelako ekintzek hilabeteetan zehar "borondatez" egindako lana "kolokan" jartzen dutela.