Euskal Jai Eguneko karroza lehiaketara proposamenak aurkezteko epea ireki dute

Intza Trula 2025ko uzt. 3a, 09:00

Iazko Euskal Jai Egunean egindako karroza bat, Musika Plazan. (Intza Trula)

Interesdunek uztailaren 18ra arte izango dute proiektuak aurkezteko epea. 1.800 euroko saria jasoko du karroza irabazleak.

Euskal Jai Egunari begira, karroza lehiaketa egingo du aurten ere Zarauzko Udalak. Joan den urtean, Euskal Jaien mendeurrenean, berreskuratu zuen lehiaketa udalak, eta datozen festetan ere karrozek beren presentzia izan dezaten nahi dute. Hori hala, dagoeneko zabaldu dute lehiaketara proposamenak aurkezteko epea.

Proiektuak aurkezterako orduan, parte hartzaileek karrozaren proiektua diseinatu beharko dute. Era berean, hori ulertzen lagunduko duen informazioa ematea ere kontuan izango du epaimahaiak erabakia hartzerako orduan; hala nola maketak, planoak, argazkiak, marrazkiak eta memoria idatzia.

Proposamenak Turismo Bulegoan jasoko dituzte, eta horretarakoa azken eguna uztailaren 18a izango da. Udalaren esanetan, proiektuak egilea nor den adieraz dezakeen "inolako daturik gabe" aurkeztu behar dira, baina, kartazal itxi batean eman behar dira parte hartzailearen datu pertsonalak eta NANaren fotokopia. Kartazalaren eta proiektuaren kanpoaldean egilearen lema idatzi beharko da.

Hori horrela, epaimahaiak aurkeztutako proiektuetatik bat aukeratuko du, eta 1.800 euroko saria izango du. Horrez aparte, 4 x 2,5 metroko plataforma bat utziko zaio, proiektua gauzatu ahal izateko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide