Herritarrek bertako produktuekin egindako errezetak biltzeko postontzia jarri dute Merkatu Plazako sarreran, Elikagi proiektuaren barruan. GOe Tech Centerrek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun sailak elkarlanean eraman dute aurrera proiektua, eta Zarauzkoa lehen fasea da.
Hori horrela, interesa duten herritarrek bertako produktuekin egindako errezetak bota beharko dituzte postontzira, eta horietatik hamabi proposamen hoberenak aukeratuko dituzte GOe Tech Centerreko sukaldariek eta iraunkortasun arloko ikertzaileek osatutako epaimahaiak.
Jarraian, hautatutako hamabi errezeta horiek artista batek landuko ditu, eta 2026ko ilustrazio egutegia kaleratuko dute. Egutegi horiek jatorrizko errezeta eta egilearen izenean sinatuta joango dira, eta urte amaieran banatuko dituzte Gipuzkoako merkatuetan.
Zarautzen ez ezik, Donostiako La Bretxa eta San Martin merkatuetan ere jarri dituzte postontziak.
Kontsumoa eta autohornikuntza, aztergai
Herritarren errezeten bilketa egiteaz eta ilustrazio egutegi bat kaleratzeaz harago doa Elikagi proiektua. Izan ere, bertan bildutako informaziorekin herritarren erosketa eta elikadura ohiturak aztertuko dituzte, baita lurraldearen autohornikuntza ahalmena ebaluatu ere. Irizpide gisa, kontuan hartuko dituzte lurraldearen jasangarritasuna, tokiko ekoizpena eta elikadura sistemaren erresilientzia.
Elikagi proiektuak ekoizpena, kontsumoa eta jasangarritasuna lotzen dituzten harremanak indartzeko apustu egiten du, lurralde ikuspegiarekin eta elkarlanean.